Justizia Ministroak pribatizazio asmo hori “oraingoz” gelditu dutela esandakoaren harira, Erregistro Zibila doako zerbitzu publikotzat blindatzeko eta segitzen duten pribatizatzeko tentaldietatik babesteko beharra agertu nahi dute sindikatuek.
Administrazioko langileen arabera, blindatze hori ondokoan oinarri hartuta burutu behar da: "gobernuaren helburu horren kontra agertu diren sektore sozial, politiko eta sindikal zabalen artean konpromisoa sustatu eta akordioa bilatu". Era berean, deialdi berezia egin nahi diote Eusko Jaurlaritzari, pribatizazioaren aurka dagoela esatera “mugatu ez dadila” eta zerbitzu hori “gogoz” defenda dezala.
Sindikatuek zabaldutako oharra:
Zer ekarriko du pribatizazioak?
Erregistro Zibilean herritar guztien jaiotzetik hil arteko datuak gordetzen dira, euren bizitza osoan gerta daitezkeen gorabehera guztiekin: egoera zibila, seme-alabak, ezkontzak, ezgaitasunak, tutoretzak, adopzioak, emantzipazioak, aitatasun aitortzak... Era berean, bestelako espedienteak ere egiten dira: izenak eta abizenak aldatzea, horiexek euskal grafiara egokitzea, herritartasuna eskuratzea, auzotasun zibil bizkaitarra, ezkontza zibilak (gaur egun, gehienak); zaharrek pentsioa jasotzeko hain garrantzitsuak diren bizi-agiriak eta egoera-agiriak ere egiten dira; eta baita enpresa-aseguru osagarriak.
Horiek horrela, are asaldagarria litzateke interes pribatua duten eskuetan utzirik zerbitzu publiko bat deuseztatzeari ekitea ez ezik, egitasmo horrek pribatutasun eskubidea zalantzan jartzen du, orain arte ez bezala horiek datu pertsonal guztiak langile publikoak ez diren enplegatuek gordeko baitituzte. (Dagokien sarbide era gora behera, jabetza- eta merkataritza- erregistratzaileek interes pribatuak dauzkate, muga-zergaren bidez kobratzen dute eta BEZ aitortzera behartuta daude).
Azkenik, diru publikoa xahutzea ere jartzen dugu agerian: arestian 128 miloi euro gastatu dute estatuko Erregistro Zibil gehien-gehienetako liburuak (jaiotzak, heriotzak, ezkontzak) informatizatzeko. Bada, inbertsio hori oparituko liekete interes pribatua duten lagunei.