Algortarren kontrako epaiketa politikoak salatzeko Libre Eguna egingo dute bihar

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 8a, 11:53

Xabat Atxabal eta Mikel Moreno gazteak Algortarrak Libre dinamikako kideakaz batera.

Hilabete honetan Xabat Atxabal eta Mikel Moreno Algortako gazteen kontrako epaiketak izango dira; hori dela eta, tokiko Libre taldeak Algortarrak Libre dinamika abiatu du, auzokide horien epaiketa politikoak gizarteratzeko. Era berean, Libre Egunera deitu dute biharko, zapatua. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako, Txiki Otaegi (San Nikolas) enparantzan. Goizeko 11:00etan Getxoko auzo ezberdinen arabera banatutako taldeen artean herri-kirolak egingo dituzte. Ordubete beranduago, 12:00etan, orain dela hilabete bi abiatutako pala-txapelketaren finalak jokatuko dituzte, emakumezkoena eta gizonezkoena. Ondoren, 13:00etan, gazte biei elkartasuna adierazteko argazki erraldoia aterako dute eta jarraian poteo musikatuan ibiliko dira herriko kaleak alaitzen. Azkenik, bertso-bazkaria egingo dute Abian kultur elkartean, 14:30ean. Horretarako txartelak taberna horretan eta zapatuan bertan eskuratu ahal izango dira, 6 euroren truke.

Bi auzokide horien kontrako prozesuak urtarrilaren 12an hasi behar zuen, baina egun horretan euskal abokatuen kontrako "sarekada" izan zen eta epaileak epaiketa maiatzera arte atzeratzea erabaki zuen.

Gauzak horrela, hilaren 18an eta 19an izango da Atxabal eta Moreno algortarren kontrako epaiketa, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Gazte horiei desordena publikoak, desobedientzia eta agintaritzari eraso egitea leporatzen dizkiete, 2008an Durangon Herri Batasunaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu ostean jazotako gertakariei lotutakoak. Hori dela eta, Fiskaltzak 2 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du gazte bientzat. Guztira, 9 pertsona daude auzipetuta kasu horretan. Halaber, Morenok beste auzi bat du zain maiatzaren 28an eta 29an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2013. urtean Urduñan ospatutako Gazte Danbada jaialdian Xabier Lopez Peña euskal preso hilberria gogoan izateagatik terrorismoa goratzea leporatzen diote, beste zortzi laguni bezala. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu dute Morenorentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun