Izen-ematea Fadurako frontoietan egin ahal izango da, egunean bertan, goizeko 07:30etik aurrera. Horretarako, federatuek lizentzia eroan beharko dute eta federatu bako zikloturistek egun horretarako behin-behineko asegurua lortu ahalko dute izena ematean. Horrez gainera, parte hartu gura dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; eta asegurua eskatzen dutenek beste 10 euro gehiago. Halere, ordainketa ezin izango da bertan egin, diru-sarrera aldez aurretik egin beharra dagoelako Laboral Kutxan, eta hor ematen duten egiaztagiria izango da izen-ematean aurkeztu beharrekoa.
Ibilbidea goizeko 09:00etan abiatuko da, 100 kilometro egiteko. Besteak beste, Asua, Larrabetzu, Aretxabala gaina eta Gernika igaroko dituzte Mundakako anoa-postura heldu aurretik; ondoren, indarrak batzeko beste aukera bat izango dute Sollube gainean, Markaida eta Andrakako azken aldatsak igo aurretik. Horiek pasatuta, Urdulizen Faduraranzko bidea hartuko dute.
Auto batek hondatutako bizitzak
Javier Otxoa Palacios txirrindulari berangoztarraren omenez antolatzen da lasterketa. Otxoak 40 urte ditu, eta, gaur egun, kirolari paralinpiko ospetsua da. Txikitatik Punta Galea txirrindularitza-elkartean jarduna, Tourreko etapa bat irabazi zuen 2000. urtean. Zoritxarrez, 2001ean auto batek bera eta Ricardo anaia harrapatu zituen. Ricardo hil zen eta Javierrek garun-paralisia pairatu du ordutik.