Udal hauteskundeak 2015

Getxoko "erregimenagaz" bukatu gura du GUKek

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 18a, 16:18

Paula Amieva da GUKeko hautagaia.

GUK plataformaren (Getxoko Udal Kandidatura) arabera, garaiak “aldatzen” ari dira. Esaten dutenez, azken 40 urteetan Getxon ezarritako “erregimena” laster bukatuko da, “inpunitateagaz, klientelismoagaz eta soldata handiakaz batera”. Hori da GUKen helburua; horregatik, maiatzaren 24ko hauteskundeetan milaka getxoztarren babesa izango dutela uste dute.

Era berean, EAJren eta esleitutako hainbat enpresen arteko lotura salatu dute. Hori horrela, alderdi politiko horren ustezko “funtzionario-eroskeria” mahaigaineratu dute: “EAJren alkateen inputazioen zerrenda handia da, eta eskandaluek herri baten moldea ezkutatzen dute: De Miguel auzia, Hiriko kasua, Epsilon kasua eta Super Sur kasua”. Horrez gainera, Ibarbengoako metro geltokiaren kasua gogorarazi dute, “gaur egun kondenatuta dagoen Jabier Fernandez promotoreak operazio predatzaile horregaz etekinak atera baitzituen”.

Azken urteotan EAJk indarra galdu duela diote GUKekoek. Hala ere, jeltzaleek euren “interesen arabera” jokatzeko PSEren eta PPren kolaborazioa izan dutela salatu dute: “hiru alderdi horiek, EAJ, PSE eta PP, gobernatzen edo oposizio konplizean, euren interesen arabera garraiatu dute Getxo azken berrogei urteotan”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun