Udal hauteskundeak 2015

Getxoko EH Bildu: "Erabakirik gabe, ez dago parte hartzerik"

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 18a, 17:00

Getxoko EH Bilduren ekitaldia.

Joan den zapatuan, hilaren 16an, Getxoko EH Bilduk mitina egin zuen Areetako Xake plazan. Bertan egon ziren Arantza Gutierrez eta Oier Iturralde tokiko koalizio abertzalearen hautagaiek, Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiagaz batera. Bertan, parte hartzea “erabakitzeko ahalmena” dela aldarrikatu zuten, “erabakitzeak badakar jarrera aktiboa. Erabakitzea hautatzea da, ez eskaintza batzuen bidez bat aukeratzea”. Era berean, gobernatzaileek herritarrei jaramonik egiten ez diotela eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dietela salatu zuten. Hori horrela, hainbat adibide mahaigaineratu zituzten, hala nola Tosu landa, Getxo Antzokia eta Itzubaltzeta / Romoko Kultur Etxea. 

Guzti horrez gainera, politika “sozialago” baten alde lan egingo dutela agindu zuten. Hori horrela, gehien irabazten dutenek gehiago ordain dezatela proposatu zuten: “IBI bezalako zergetan hobariak ezartzearen aldeko apustuari eutsiko diogu, eta horiek eramango ditugu Getxo Kirolak edo Musika Eskolako tasetara, eta ez seme-alaben kopuruaren arabera, errentaren arabera baizik”.

Udalerriko aberastasun materiala eta immateriala defendatuko dutela ere zin egin zuten. Horregaz batera, Getxon etxebizitzen falta dagoela azaldu zuten; hala, alokairuzko etxebizitza sozialen aldeko apustua egin zuten, “basatiki eraikitzen hasi gabe”.

Unanue: “EAJren garapen ereduak ustelkeria errazten du”

Josu Unanuek, bere aldetik, EAJren kontra jo zuen: “azken hamabi urteetan Bizkaiko zorra hirukoiztu egin da, EAJren garapen ereduaren ondorioz. ‘Hazi arazi’ da aukeratu duten lema eta hazi arazi dutena guztion zorra izan da, alderdiko lagun diren enpresari eraikitzaile gutxi batzuen patrikak ere hazi arazi dituzten bitartean”.  Gauzak horrela, jeltzaleen eredua salatu zuen. Unanueren arabera, EAJrena kontu publikoak “arpilatzeko” eredua da, “guztionak diren baliabideak xahutzeko eredua”.

Horren aurrean, Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiak EH Bilduk ekonomia “errealaren” aldeko apustu garbia duela azaldu zuen. Hori horrela, “eskualdeetan tokian tokiko errealitatean errotutako ehun produktiboa bultzatzeko neurriak” hartuko dituztela agindu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun