Udal Gobernuan parte hartzeko deia luzatu die auzokideei Jose Luis Landa (Txefo) Getxoko PSE-EEren alkategaiak. Horretarako, herritarren iritziak eta ideiak "entzun" eta udalerriko gestioan "benetako parte hartzea" lortzeko bideak irekiko dituztela esan du sozialistak. Azaldu duenez, "gardentasuna, eredugarritasuna, austeritatea, irisgarritasuna, objektibitatea eta zintzotasuna" dira sozialisten ekintza politikoa "bideratzen eta bideratuko duten oinarriak". Hori dela eta, gizarte gaietan eta udal aurrekontuetan herritarren parte hartze zuzena bultzatzeko bideak hartuko dituztela ziurtatu du alkategai sozialistak.
Halaber, PSE-EEko hautagaiak Sektorekako Batzordeak eta Emakumeen Etxeak eta Batzordeak sortuko dituela esan du. Horrez gainera, Jose Luis Landak adierazi du urteko aurrekontuak aurkeztuko dituela eta aurrera eramandako politikak aztertzeko "Udalerriaren Egoeraren Debateak" egingo dituztela. Era berean, "Getxoko Auzokideen Eskubideen eta Betebeharren Karta erregulatu" nahi dutela azaldu du.
Gaineratu duenez, "gure proiektua pertsonetan oinarrituta dago, guziontzat".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.