Gaur hasiko da Asier Borrero algortarraren kontrako epaiketa Parisen

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 26a, 12:45

Asier Borrero “Tortu” preso politiko algortarra epaitzen hasiko dira gaur Parisko Krimen Auzitegian, ETAko kidea izatea egotzita; beragaz batera, Itziar Plaza, Iurgi Garitagoitia juzgatuko dituzte. Epaiketa ekainaren 4ra arte luzatuko da.

Asier Borrero ia sei urte daramatza espetxealdi prebentiboan, Nanterreko espetxean, etxetik 900 kilometrotara. Frantziako Poliziak 2009ko uztailaren 4an atxilotu zuen, Espainiakoagaz elkarlanean egin zuen operazioan; Itziar Plaza eta Iurgi Garitagoitia ere atxilotu zituzten. Hiruei atxiloketaren unean armak topatu zizkieten, bertsio ofizialaren arabera. Atxiloketak Pauen egin ziren.

Asier Borrerori ETAren Bizkaia komandoko kide ohia izatea, Hegoa komandoa zuzentzea eta hainbat atentatutan parte hartu izana leporatzen diote. Besteak beste, Espainiako Calahorrako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako bonba-autoa, Frantziako Montpellierren Frantziako polizia bat zauritu izana, Zarauzko ertzain-etxearen aurkako lehergailua eta Balmaseda eta Derioko herri etxeen aurkako atentatuak.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Borrero 2008ko uztailean ekin zion ihesaldiari, ustezko Bizkaia komandoko kideak atxilotu zituztenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun