Hala, hilaren 4an, plazan aulkiak jarriko dituzte, eta taldeka banatuko dituzte bertaratutako lagun guztiak; bost lagun egongo dira talde bakoitzean. Modu horretan, euskara dakien jendeagaz elkartuko dute euskara ikasten ari den jendea. Berriketan egingo dute lasai; kafea, eskuan. Ordubeteko tartean, interes orokorreko hiru gai jorratuko dituzte: "Zein famatu gonbidatuko zenuke afaltzera?", "Loteria tokatuz gero, zer egingo zenuke?" eta "Etxebizitza erosi ala alokatu?". Gai bakoitza jorratzeko 15 minutu izango dituzte, eta gai batetik besterako tartean, parte-hartzaileak mahai batetik beste batera joango dira, berbalagunak aldatu ahal izateko.
Goizean, txanda bi egingo dituzte: 9:00etan eta 11:00etan; eta arrastian beste bi: 17:00etan eta 19:00etan. Hamaiketakoak eta meriendak banatuko dituzte saio batetik besterako ordubeteko tarteetan. 400 pertsona baino gehiago elkartzea gura dituzte, antolatzaileek aitortu dutenez.