Real Oviedo B bueltako partidan hartuko du Arenasek domekan arrastiko 18:00etatik aurrera, eta kanporaketari buelta eman beharko dio. Jakina denez, 1-0 galdu egin zuten gorri-beltzek iragan asteburuan Oviedoko Requexon instalazioetan. Halere, Jon Perez 'Bolo'-ren taldea bizirik atera zen neurketa horretatik. Jokoarengatik eta aukerengatik, emaitza hori baino gehiago merezi izan baitzuen talde asturiarrak. Halere, gutxieneko aldeagatik irabazi zien getxoztarrei eta, hori dela eta, talde gorri-beltzak oraindino aukerak baditu. Jon Perezen jokalariak moralez gainezka daude domekako partidari begira. Horren gainera, getxoztarrek euren bertsiorik onena eskaini beharko dute. Gobelan jardungo dute beste behin ere eta, zaleakaz bat eginda, faktore horri eutsi beharko diote kanporaketari buelta emateko. Era berean, Vestutak hegaletatik sortzen duen arriskua errotik ebaki beharko dute gorri-beltzek.
Aurkariari dagokionez, Adrian Llanos talde asturiarraren burua eta kapitaina ez da Gobelan egongo, joaneko partidan txartel gorria ikusi baitzuen. Hala ere, David Gonzalez aurrelaria hasierako hamaikakoan jardungo du beste behin ere. Gonzalez Ivan Aniak zuzentzen duen taldeko jokalaririk arriskutsuena da: joanekoan garaipenaren gola eskuratzeaz gainera, Asturiaseko multzoko golegile handiena da.
Getxoztarren gabeziak
Bestetik, David Infante, astean onera egin arren, kolokan dago itzulerako norgehiagokari begira. Jakina denez, aurrelari getxoztarrak min hartu zuen orkatilan aurreko domekan. Gauzak horrela, oraingoz hori da 'Bolo'-k duen zalantza bakarra. Domekan berdegunean gertatzen dena izango da garrantzitsuena hemendik aurrera. Horretarako, aurreko asteburuan Requexonen erakutsitako itxura hobetu beharko du talde gorri-beltza, dudarik gabe. Horrez gainera, helburuak argi daude: alde batetik, bi gol, gutxienez, eskuratu beharko dituzte Arenasekoek. Bestetik, eta hona hemen neurketaren gakoa, golik ez jasotzea lortu beharko dute.
Azkenik eta aurreko bi denboraldietan zehar playoffeko ligaxketan gertatu ohi den moduan, jende ugari, arratsalde koloretsua eta giro bikaina espero da Gobelako harmaila nagusian. Gainera, 'Arenaszaleak' ekimenaren bidez, goiburu bera daramaten alkandorak banatuko dira goiztiarrenen artean Gobelako ateak zeharkatu bezain laster. Vinilo FM Irratiak sustatu du kanpaina hori.