EHIGEk dioenez, "idazketa honek ez du inolako justifikazio pedagogikorik eta hankaz gora ipiniko du orain arte egindako lan guztia froga diagnostikoagaz, ez baitugu aukerarik izango aurreko ikasturteetako emaitzekin konparaketak egin eta hobekuntza planak ezartzeko. Are gehiago, ziklokako antolaketa apurtuko du lehen hezkuntzan". Bere aldetik, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak gaur bertan ukatu du probak LOMCE Legeagaz loturarik izatea: "Eusko Jaurlaritza LOMCEren aurka dago; hainbatetan esan dugu" azaldu dio Uriartek Belen Arrondo EH Bilduren legebiltzarkideari Gasteizko parlamentuan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketa hori Heziberri eta "hezkuntza sistemaren hobekuntzarekin" lotuta dagoela azaldu du.