Emakumezkoen Getxoko IX. Futbol Txapelketan parte hartzeko deia egin dute

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 5a, 09:00

Jose Maria Bravo Bizkerre Futbol Taldeko presidentea eta Alvaro Gonzalez Getxoko Udalaren jarduneko Kirol zinegotzia. © GETXOKO UDALA

Bihar eta etzi jokatuko da Faduran Emakumezkoen Getxoko IX. Futbol Txapelketa. Bertan lehiatuko dira Bartzelona, Valentzia, Athletic eta Bizkerre, zaleen gozamenerako. Roberto Tamayoren omenezko ekimena Bizkerre Futbol Taldeak antolatu du, Getxoko Udalaren babesaz. Erakunde biek futbol-zelaira jotzeko deitu dute.

 

Jose Maria Bravo Bizkerre Futbol Taldeko presidentea eta Alvaro Gonzalez Getxoko Udalaren jarduneko Kirol zinegotzia bat etorri dira txapelketaren alde onak azpimarratzen. Bravok adierazi du txapelketa "eragingarria dela gure neskentzat, eliteko talde hauen aurka jokatu ahal dutelako. Asmo horregaz eta emakumezkoen futbola sustatzeko asmoz egiten da. Baita Getxo herri bezala bultzatzeko ere. Beti saiatzen gara Estatuko talderik onenak ekartzen, eta aurten nazioarteko talderik ekartzea lortu ez dugun arren, luxuzko kartela osatu dugu".

Alvaro Gonzalezek, bere aldetik, aipatu du txapelketak "gure futbolarien maila igotzeko balio duela, urtean zehar lurralde mailako txapelketa batean lehiatzen badira ere, urtean behin Estatuko ligako onenakaz neurtzeko aukera dutelako. Aukera bikaina da gure jokalarientzat hiruretako baten aurka, Bartzelona, Athletic edo Valentziaren kontra jokatzea, Estatuko jokalari onenetik ikasi eta, batzuetan, partida ofizial batean probatzera ausartzen ez diren gauzak probatzeko".

Programa berezia

Ohikoa denez, programa berezia prestatu dute antolatzaileek, jokalari eta teknikoentzat. Gaur, barikua, gonbidatutako taldeak iritsiko dira eta harrera ekitaldia izango da 20:00etatik aurrera ongi etorria egiteko. Horren ondotik afaria egingo dute jokalari, lagun eta antolatzaileakaz. Bihar, berriz, Portu Zaharra bisitatuko dute eta bazkaria egingo dute.

Txapelketako partida denak ikusteko sarrerak doakoak dira. Gainera, Zaletuen artean Bizkerrek zozketa bat egingo du parte hartuko duten taldeen elastikoak oparitzeko.

Txapelketaren aurreneko fasea larunbatean jokatuko da, 17:45etik aurrera, eta honako partidu hauek izango dira (45 minutuko zati bakarreko partidak izango dira), hurrenkerari jarraiki: Athletic-Valentzia, Bartzelona-Athletic eta Valentzia-Bartzelona.

Hurrengo egunean, igandean, ekainak 7, Bizkerrek aldez aurreko faseko hirugarren sailkatuaren aurka jokatuko du, 9:45ean. eta final handia 12:15ean hasiko da eta aldez aurreko faseko lehen bi sailkatuek jokatuko dute. Bi partiduak 45na minutuko bi zatikoak izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun