Hauek egingo dute berba: Nerea Nanclares Portugaleteko Oribeltza klubeko entrenatzaile eta arduraduna, Jokin Kamiruaga Leioa Saskibaloi Taldeko entrenatzaile eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioko euskara arduraduna, eta Hodei Lopez de Arkaute Gasteizko Araski saskibaloi-taldeko entrenatzaile eta bertso-epailea. Ana Ramos EITBko kirol-kazetaria izango da moderatzailea.
Euskara-plana
Asteleheneko ekimena "ez da kontu isolatua", Alaitz Billatek azaldu duenez. Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteko dinamizatzailea da Billate, eta euskararen erabilera kirolean sustatzen dabil, Gehitu Kirola hitzarmenaren bidez. Bestalde, Getxoko saskibaloi-taldea 2007tik parte hartzen dabil Getxoko Udalak abiatutako dinamikan. Euskara-plana egiten hasi dira.
Iratxe Bilbao klubeko Gizarte Batzordeko kideak onartu duenez, ahalegin horri ekin diote "ikusi dugulako euskaraz entrenatzea oso zaila dela. Udalaren aldetik baliabideak eta dirua ditugu, dena martxan jartzeko, baina entrenatzaile euskaldun gutxi dago, eta dauden batzuk kikilduta geratzen dira, euskaraz entrenatzeko gai ez direlakoan, nahiz eta euren borondatea euskaraz entrenatzea den". Arazoa bideratzeko, euskara-batzordea sortu eta euskara-plana osatu zuten: klubeko 21 taldeak hartuko ditu gutxika-gutxika. "Kontziente izan behar dugu gure ingurua ez dela guztiz euskalduna, eta gure ume denen hizkuntza ez dela euskara. Ez dugu inor behartu gura. Hortaz, moduagaz kontu handiz ibili behar dugu" dio Bilbaok. Lehenengo ekimena profesional eredugarriak ekartzea izango da, "animatzeko". Teoria ikasita, lan-saio praktikoak egingo dituzte irailean.