Izen-ematea zabalik Getxoko Lagunarteko Triatloi Oso Herrikoian

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 5a, 19:21

Iazko tritloiaren bukaerako familia argazkia. © TXORIMALO GAZTETXEA

Datorren ekainaren 13an, zapatua, izango da Algortako Lagunarteko Triatloi Oso He­rrikoiaren 3. ekitaldia. Txorimalo gaztetxeak antolatu du, eta izena emateko aukera zabalik dago daborduko. Gaz­tetxeko kideek azaldu dutenez, interesatuek posta elektronikoz mezu bat bidali besterik ez dute egin beharko. 70 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Probak 13.300 metro izango ditu, aurrekoetan legez. Algortako Por­tu Za­harretik irtengo dira kirolzaleak, arrastiko 04:00etan. Bertatik Ereagaraino igeri egin beharko dute, 300 bat metro. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "gutxi irudi dezake, baina itsasoa ez da igerileku bat; hari beti errespetuz begiratu behar diozu: aurretik entrenatzea gomendatzen dugu". Ereagan, berriz, 11 kilometroz pedalei eragiteko momentua izango da: Neguriko gasolinde­gia, Aiboa, Fadura, Kurtzes eta Azkorri atzean utzi, eta gaztetxera heldu beharko dute atletek. Azken kilometro biak korrika egingo dituzte, Benta eta Aixerrota pasa, eta gaztetxera bueltatu. "Energiak berreskuratzeko luncha» eta «kirola kuadrillan egiteko aukeraz" gozatu izana izango dira sariak: "triatloiak oso garestiak dira; parte hartzeko ere dirutza ordaindu beharra dago. Guk aisialdi herrikoia sustatu gura dugu", diote antolatzaileek.

Izen-ematea sastrakagaztetxea@hotmail.com posta elektronikoaren bidez egin daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun