Tosu Betirakoren oharra:
Getxon aurtengo Ekainaren 5etik 11ra Aste Berdearen ekimenaren harira landare desberdinak plastikozko loreontzi kubiko batzuetan ikusteko aukera izan dugu herrian, beti ere porlanaren artean. Honen harira Tosu Betirako-ko kideok zera adierazi nahi dugu:
- Getxoko Udala Andra Mariko auzoan eraiki nahi duten Ibarbengoako parkingaren arduradunetako bat da. “Aste Berdea” deitu duten ekimenarekin udalerri "berde" bat sustatzen ari direla ematen du; errealitatean, bertako gune berdeak suntsitzen dituzte. Lotsagarria iruditzen zaigu egiten ari diren aurpegi zuriketa.
- Ezinbestekoa da gogoratzea orain dela 4 urte parkinga proiektatuta dagoen Tosuko landan, lurraldearen eta ingurumenaren defentsan diharduen ortu-komunitarioen proiektua jarri genuela martxan Tosu Betirako! Kolektiboak.
Porlanaren eta espekulazioaren politikaren ondorioz desagertzen ari diren gune berdeak, nekazari bizimodua eta bertako basoen birlandaketak aldarrikatzen ditugu. Aspaldidanik daramagu horretan, zuhaitz landaketak, erreka garbiketak, garbitegiaren berreskurapena, bertako abeltzain eta nekazariekin tailerrak, ingurua ezagutzeko irteerak etab. egiten.
- Aste Berdearen Getxoko Udala Ibarbengoako Parkinga eraiki nahi duten Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP), Metro Bilbaoren eta Eusko Jaurlaritzaren konplizea da. Saiatu dira bai, parkingaren aldeko arrazoiak saltzen, baina guk eurenak baino pisutsuagoak diren 4 arrazoi ditugu Ibarbengoako parkingaren kontra:
1-Antiekologikoa da: Bertako nekazaritza sustatzen duen Tosuko ortu proiektu komunitarioa bertan behera geratuko litzateke. Horretaz gain, landaren azpian dauden balio handiko akuiferoen suntsiketa suposatzen du eta gainera, parkinga eta berarekin datozen errepideek kotxeen erabilera bultzatuko dute. Argi dago Andra Mari auzoa urbanizatzeko aitzakia dela.
2- Faraonikoa da: Krisira eraman gaituen eredu espekulatiboan oinarrituta dago beharrezkoa ez den proiektu hau. Sekulako dirutza publikoa gastatuko litzateke (6 milioi euro + gainkostuak) eta aldi berean betikoak baino ez liratezke aberastuko: eraikuntza-enpresak, banketxeak, promotora inmobiliariak, Alderdia.
3- Ilegala da: Ez dute derrigorrezkoa den Inguruen eragin Txostena (EIT) egin. Gainera, trenbide azpiegitura bezala mozorrotu dute kotxeek erabiliko duten azpiegitura bat.
4- Parte hartze gabekoa da: Hasteko, herritarrok eta batez ere Andra Mariko bizilagunek ez dute inolako parte hartzerik izan. Jarraitzeko, herritarrok proposatutako alegazio guztiak baztertu dituzte. Amaitzeko, Imanol Landa BGP Kontseilu Nagusiko kide den arren, proiektua trenbide azpiegitura moduan aurkezteak, Getxoko Udalari eskumen guztiak kendu dizkio. A ze azpijokoa!