Imanol Landa izan da boto gehien jaso dituen hautagaia. Hartara, domina eta makila jaso ditu eskuetan. Ondoren, aretora bertaratutakoei diskurtsoa irakurri die. Horretan, bere taldearen helburu nagusia “bizilagun guztiak zerbitzatzea, bazterketarik gabe, eta denontzako bizi baldintza hobeak lortzeko” lan egitea dela adierazi du. Era berean, eskerrak eman dizkie berarengan konfiantza jarri duten guztiei.
Horrez gainera, “aukera berriez betetako agintaldia” hasi dela adierazi du, “ikuspuntu ezberdinetatik, Getxoko udalerria aurrera eramateko eta hobetzeko”.
Arantza Gutierrez EH Bilduko hautagaiaren esku-hartzea
Zinegotzien zina egiteko unean, koalizioa abertzaleko zerrendaburuak Getxo “ezkerretik eraiki nahi duten beste talde eta eragileekin batera herri honen alde egiten” jarraituko duela adierazi du. Era berean, EH Bilduren ekarpena lau zutabe nagusitan oinarrituko dela azaldu du: “erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean akordio ahalik eta zabalenak bilatuko ditugu, udaletxean zein kaleko eragileekin, Getxoren eta Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron eskuetan egon dadin”.
Horrez gainera, Gutierrezek, “krisiaren ondorioei aurre egiteko” konpromisoa hartuko dutela azaldu du, “euskal herritar guztien eskubide sozialak ditugu lehentasun”. “Gutxien dutenen aldeko jarduna izango da gurea, murrizketa sozialei aurre egin eta bizitza duin baterako pertsona orok behar dituen baldintzak borrokatuz”, gaineratu du. Azkenik, “urruti preso ditugun getxoztarrak” ekarri ditu gogora, eta “gatazkak eragindako ondorio mingarriak” guztion artean gainditzeko lana egingo dutela agindu du.