Azken urteotan urrats handiak eman diren arren, oraindik ere paisaia linguistikoan euskarak "nahi baino askoz ere presentzia eskasagoa" duela salatu dute. "Asko dira gaur egun, oraindik orain, erdaretan soilik errotulatzen duten komertzio, taberna, elkarte edo erakunde publikoak"; hori dela eta, euskaldunok "herritar eta kontsumitzaile modura ditugun eskubideak urratzen" jarraitzen den artean, euskaltzaleek eginkizunak eta eragile izatera animatu nahi izan dute.
Horretarako, martxan jarritako kanpainak lau urrats izango ditu:
1.- Euskaltzaleen elkarteetako boluntarioek "eta hau zergatik ez euskaraz?” leloa duten pegatinak jarriko dituzte herrian aurkitzen dituzten erdara hutsezko errotulu eta karteletan. (Pegatinak bakarrik jarriko dira komertzio handietan: Eroski, BM, BBVA, BBK…eta udaletxearen errotulazioetan eta inoiz ez komertzio txikietako errotulazioetan). Errotuluei argazkia atera eta Twitter zein Instagram sare sozialak erabiliz edo kanpainarako sortuko den webgunera bidaliz argazkiak partekatuko dituzte, herria eta errotuluaren edo kartelaren jabea (komertzioa, elkartea, taberna, erakundea) identifikatuz.
2.- Partekatutako argazki denak aipatutako webgunean jarriko dira ikusgai. (Hor bakarrik komertzio handienak jarriko dira).
3.- Euskaltzaleen elkartetik erdarazko errotuluak dituztenei gutuna bidaliko zaie, beren euskarri guztietan euskara erabili dezatela eskatuz eta horretarako laguntza eta aholkularitza eskainiz.
4.- Jasotako informazio eta testigantza guztiak Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren eta Elebideren esku jarriko ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Kanpainak hilabeteko iraupena izango du, ekainaren 30era artekoa, eta jasotako testigantza guztiekin dosierra osatuko da bukaeran.