Herri-bozketan aukeratzeko dauden lau proposamenak honakoak dira: herri-antzokia eta kioskodun plaza; herriko frontoi publikoa; gazteentzako etxebizitza sozialak; eta Uribe Kostako memoriaren museoa. Proposamenak ezagutarazteko hainbat bide erabili dituzte Algortatik Hankako kideek, berbarako: sare sozialak eta herriko plazetan jarritako panela.
Proposamen bakoitza "justifikatuta" dago: zergatik egin beharko litzatekeen, eta proiektuaren ezaugarriak zehaztuta daude. Galdeketaren egunean, goizeko 10:00etan diana pasatuko dute Algortan zehar, "herria esnatzeko eta bozketaren berri emateko", jakinarazi dutenez.
Ondoren, 11:00etan hautetsontziak zabaldu, eta arrastiko 08:00ak arte hurbildu ahal izango da norberak gustukoen duen proposamenaren alde bozkatzeko. Bitartean, 12:00ak aldera umeentzako tailerrak egingo dituzte, eta kontzerturen bat ere egongo da, arrastiko 06:00etan.
Galdeketaren helburua "Guardia Zibilaren kuartelaren presentziak suposatzen duen egoera anormala azaleraztea" dela diote; era berean, dinamika zabaldu eta «kuartelaren kontrako borroka dinamikak eta esparruak» eskaini nahi dituzte.