Ekintzaren helburua kostaldearen egoera hobetzea da, hondartzagaz batera, “ondare natural oso garrantzitsua baita, denok zaindu beharrekoa”, bultzatzaileek nabarmendu dutenez. “Harkaitz-guneen garbiketa sakona, hondartzetakoa baino gutxiago egin ohi da, eskuz egin behar da eta hiritarren laguntza behar izaten du”, azaldu dutenez.
Jarduerari heltzeko topalekua Arrigunagako hondartza izango da, 09:00etan. Hor azalduko dituzte ekintza garatzeko jarraibideak, eta 09:30etik 14:00etara egingo dute lan.
Metalezko eta plastikozko ontziak harkaitz tartetik atera eta Arrigunagako hondartzan pilatuko dituzte; hortik tratamendu-planta batera eramango dituzte udal garbiketako zerbitzukoek. Egur hondakinak, berriz, lau tokitan pilatuko dituzte harkaitzetan zehar, ondoren su emateko.
Ekintzara bilduko diren hiritarrek eskularruak eta harkaitzen artean ibiltzeko oinetako egokiak eraman beharko dituzte.