Selekzioek Fadurako partidak baliatuko dituzte hurrengo erronka prestatzeko: ekainaren 27tik uztailaren 5era Grezian egingo den kategoria horretako munduko saskibaloi txapelketa. Alvaro Gonzalez kirol zinegotziaren ustez, "19 urtetik beherako euskal selekzioa nazioarteko beste hiru taldegaz Getxon lehiatzea oso albiste ona da herriarentzat eta tokiko saskibaloiko taldeentzat, kategoria horretako jokalari onenak berton ikusi eta ikasi ahal izango baitute"; eta Getxo Saskibaloi Taldearen laguntza eskertu du.
Basque Basket Tour
Algortako txapelketa 2015eko Basque Basket Tour izeneko ekimenaren barruan dago. Egitasmo hori Euskadiko Saskibaloi Federazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz. Arturo Aguado Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidenteak adierazi duenez, Fadurakoa "oso txapelketa garrantzitsua da, kalitate handikoa. Espero dugu jende asko honaino hurbiltzea, gazte promesek eskainiko duten saskibaloiko ikuskizunak merezi izango baitu". Javier Salgado gizonezkoen euskal selekzioko kapitainak, berriz, azpimarratu du «jokalarientzat udan euskal selekzioaren elastikoa eramatea ohorea eta plazera» dela, «gu guztiok batzea eta Euskadi ordezkatzea gure lurraldean eta kanpoaldean. Maila horretako selekzioen aurka jokatu ahal izateak esfortzu handia dakar, eta aukera hori eskaintzea eskertzekoa da». 2015eko Basque Basket Tour programan, Euskadiko emakumezkoen senior selekzioak ere hartu du parte, Venezuelako selekzioaren aurka Gasteizen eta Tolosan jokatutako partidetan. Gizonezkoen selekzioari dagokionez, abuztuaren 11tik 17ra Dominikar Errepublikara joango da, bertako eta Puerto Ricoko selekzioen aurka jokatzera, Mexikon egingo diren aurre-olinpiadak prestatzera.