Logroñon jokatutako joaneko partidaren lehenengo zatian, Arenasek kontrolatu zuen jokoa. SD Logroñeseko jokalariak Arenasen ateraino heltzeko kapazak izan baziren ere, Txemi Talledo atezainak ez zuen zertaz kezkatzerik izan. Gainera, 35. minutuan, epaileek Iñigo errioxarra kanporatu zuten Urangari egindako faltagatik, txartel gorria aterata. Ordutik aurrera indartu egin zen getxoztarren nagusitasuna. Las Gaunas futbol zelaian sartutako gol bakarra Arenaseko Javi Lopez aurrelari kordobarrarena izan zen, bigarren aldiko 15. minutuan. Golaren ondoren SD Logroñes taldea erreakzionatzen saiatu zen eta hainbat aukera sortu zuen, baina behin eta berriro egin zuten topo Txemi atezainagaz, egundoko geldiketak egin zituena. Arenas taldeak ere gol abagune gehiago izan zuen, aldea haunditzeko, tartean Yarturen biak, baina ez zuen gauzatzea lortu.