Maguregi Athleticen lehenengo taldeko atezaina izan zen 1948-49 eta 1951-52 denboraldietan. Bilboko klubean, bere lehenengo partida Sevillaren aurka izan zen, Sanchez Pizjuan futbol-zelaian, 1948ko irailaren 19an. Zoritxarrez, Maguregiri dozena erdi gol sartu zioten bere estreinaldian eta hortik aurrera kostatu zitzaion taldean bere lekua aurkitzea. Hortaz, urte horretan lau norgehiagokatan gorde zuen ate zuri-gorria, klubak Barakaldori utzi aurretik. Bertan erakutsitako jarrera ona dela-eta 1951-52 denboraldirako Athleticek berreskuratu egin zuen. Halere, Carmelo Cedrun atezain mitikoaren bigarren ordezkoa izatera kondenatuta, Maguregik ez zuen minutu bat ere jokatu. Gauzak horrela, Barakaldora bueltatu zen, Bigarren Mailara. Bertan, beste bi denboralditan jardun zuen erretiratu aurretik.
Futbolaz gainera, Maguregik poesia, literatura, pintura eta musika arloak jorratu zituen. Besteak beste, Guillermo Garmendiak abestutako "Algorta" kantaren egilea zen.