Gazteentzako etxebizitza sozialak gura dituzte Algortako Guardia Zibilaren kuartelean

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 3a, 11:49

Guztira, 300 lagun inguruk parte hartu zuten bozketan.

Udalerriko 293 lagunek erantzun zioten ekainaren 20an Algortatik Hanka mugimenduak egindako galderari: "Zer egingo zenuke gaur Guardia Zibilaren kuartelak hartzen duen espazioan?". Aurretik, auzotarrek emandako proposamenetatik lau aukeratu zituzten, eta laurak aukeran jarri, kuartelaren espazioan zer egin gura duten hauta zezaten, Guardia Zibilak Algortatik alde eginez gero. Emaitzak honakoak izan ziren: Uribe Kostako memoriaren museoa egitearen aldekoak, 25; antzokia eta kioskodun plazaren aldekoak, 39; herriko frontoi publikoaren aldekoak, 52; eta gazteentzako etxebizitza sozialen aldekoak, 177. Algortatik Hanka-ko kideek pozik hartu dute emaitza, baita galdeketa egiteko aurreko lana ere, "auzokideen parte-hartzea oso ona izan da; gogotsu etorri da jendea". Aurreratu dutenez, "kontua ez da hemen geratuko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun