Getxoko Jazzaldiak 12.000 lagun batu ditu

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 6a, 20:20

Maciek Wojcieszuk Quintet (Polonia) taldeak irabazi du talde lehiaketa. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Atzo bertan amaitu zen 39. Nazioarteko Jazzaldia Algortan. Bost egunez 18 kontzertu hartu ditu jaialdiak, Algortan bildu diren 12.000 lagunengan sentsazio onak utzita, Getxoko Kultur Etxeko kideek adierazi dutenez. "Aurtengo egitarauaren aniztasunak, talde lehiaketako banda gazteen aldeko apustuak eta saio nagusietako artista ospetsuen kalitateak zaleak asebete dituzte", gaineratu dutenez. Bitan ia bete egin zen Bihotz Alai plaza eta Madeleine Peyrouxen atzoko saiorako sarrerak agortu egin ziren.

Artista nagusiei dagokienez, Avishai Cohenen eskutik abiatu zen jazzaldia lehenengo egunean, ohi baino jende gehiago erakarriz. Hirukotean jardun zuen tronpeta-jotzaileak eta, inprobisazioaz baliatuta zaleak bereganatu zituen. Biharamunean, uztailak 2, Nettwork taldeak jo zuen. Charnett Moffett baxu-jotzaileak buru duen laukote horrek, eguenean fusio-elektrikoz beteriko saio bizia eskaini zuten. Stanley Jordan gitarra-jotzaileak, Casimir Liberski piano-jotzaileak eta Jeff "Tain" Watts bateria-jotzaileak osatzen dute taldea Moffetagaz batera.

Jaialdiaren erdialdeko egunean Joe Lovano saxofonistak ia bete zuen Algortako Bihotz Alai plaza eta bere laukoteagaz "bebop", "postbop" eta "hardbop" erritmoak eskaini zituen. Stanley Clarke baxu-jotzaileak ere zale asko erakarri zuen zapatuan, fusio eta taldekideen teknika aparta ezaugarri zituen saiora. Azkenik, Madeleine Peyrouxek biribildu zuen atzo bertan jaialdia. Sarrerak agortu ziren eta abeslari estatubatuarrak saio hurbila eskaini zuen publikoaren gozamenerako.

Talde Lehiaketa

Aurten ere, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute Getxoko Jazzaldian. Talde lehiaketa horren erakusle izan da, Europa osoko 55 taldek parte hartu baitute. Finalera lau banda igaro ziren: Federico Nathan Quinteto (Uruguai-Alemania), Grzegorz Wlodarczyk Quintet (Polonia), EYM Trio (Frantzia) eta Maciek Wojcieszuk Quintet (Polonia). Azken hori gailendu zen lehiaketan, frantziarren aurretik, eta Maxime Bertonek, Grzegorz Wlodarczyk Quinteteko saxo-jotzaileak, irabazi zuen bakarlari onenari emandako saria. "Cifu" ezizenez ezaguna zen Juan Clau­dio Cifuentes Getxoko Jazzaldiaren omenez sortutako publikoaren sariari dagokionez, EYM Trio atera zen garaile eta zaleek taldeko Elie Dufour piano-jotzaile izendatu zuten musikaririk onena. Talde Lehiaketaren irabazleek 3.750 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute.

Hirugarren Milurtekoa atalean ere eskaintza anitza izan da. Algortako Telletxe plazan Jazzing Band, Onna Project eta Philippe Lemm Trio banda gazteek jardun dute, baita eskarmentu handiko artistak ere; berbarako, Victor de Diego saxo-jotzailea. Aipatzekoa da Euskadiko Jazz Ikasleen Orkestraren kontzertua, Algortan debuta egin baitzuen jazz zirkuituan; horrek jende asko erakarri zuen saiora.

Jazzaldiaren musika eskaintza biribiltzeko, Three One taldeak eta jaialdian parte hartu zuten zenbait artistek hiru "jam session" eskaini zituzten goizaldera arte. Halaber, Torrene aretoan Antonio Porcar Canoren "Phocuzz" erakusketa dago ikusgai uztailaren 23ra arte. Bertan, jazz artista ospetsuek mundu osoko jazzaldi eta aretotan eskainitako saioetan eginiko zuri-beltzezko 25 argazki batu ditu artistak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun