Lehenengo egunean, uztailak 16, eguena, Davina & The Vagabonds taldeagaz abiako da Getxoko Blues Jaialdia. Sarrera 6 euroan dago. Talde horren eragin nagusiak dira Fats Domino, Preservation Hall Jazz Band, Aretha Franklin eta Tom Waits. New Orleanseko xarma, soul doinuak eta gospel erritmoen sakontasuna batzen dira Davinak abestutako kantetan, The Vagabondsek lagunduta, betiere doinu akustikoei garrantzi handia emanda. 250 saio egiten du taldeak batez beste urtean, eta jarduera bizi horrek mundu osoko areto eta jaialdietara eroan ditu, berbarako New Orleans Jazz Blues Festivalera eta Monterreyko jazzaldira; eta horietan artista eta talde ospetsuakaz jardun dute.
Barikuan, hilak 17, Maceo Parker funk musikaren mitoa etorriko da Getxora. Sarrera 15 euroan dago. Parkerren zuzenezko saioetan kalitatea eta dibertsioa dira nagusi, eta kontzertuetan lau hamarkada baino gehiagoan landutako trebezia eta maisutasuna erakusten ditu. James Brown handiaren bandako taldekide izan zen, eta artista zein banda ospetsuakaz jo du, berbarako: Ray Charles, De la Soul, Ani DiFranco, Red Hot Chili Peppers, Living Colour, Keith Richards, Bryan Ferry, Dave Matthews eta Funkadelikekin. Halaber, 2004an Musicology Tour biran parte hartu zuen Princegaz. Parker 70eko hamarkadan hasi zen bakarka jotzen eta 90eko hamarkadaren hasieran nabarmendu zen "Roots Revisited" disko apartagaz; baita "Mo' Roots" (1991) eta "Lif On Planet Groove" lanakaz ere. Horiei esker funk eszenako tontorrera ailegatu zen.
Jaialdiaren azken egunean, hilak 18 zapatua, hirugarren aldiz itzuliko da Getxora Eric Sardinas, dobro-aren (gitarra resofonikoa) maisua, hain zuzen ere. Bluesman iparamerikarra blues rock gordin eta biziaren erakusle da, eta jaialdian "Boomerang" bere azken lanaren kantak joko ditu. Lan horretan, ohi den bezala, erakutsi du bluesaren inguruko aurreiritziak hausteko eta generoa harago eroateko gai dela. Sarrera 14 euroan dago.
Bestelako saioak
Bihotz Alai plazako kontzertu nagusiez gainera, beste saio bi egongo dira aurten, Algortako The Piper's taberna irlandarrean, eta sarrera doan izango da. Barikuan, hilak 17, 23:00etatik aurrera, Jackie Revlon abeslariak kantatuko du Amerikako Estatu Batuetako Tano Jao gitarra-jotzaileagaz batera. Biharamunean, hilak 18, ordu berean, Willie Endaya & Ernesto Sabas Blues taldearen txanda izango da.