"Uda gau bateko ametsa"

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 15a, 20:07

Hilaren 9an aurkeztu zuten Bingen Ametzagaren jaioterrian, Algortan, "Uda gau bateko ametsa" antzerki-liburua.

Bingen Ametzaga Aresti idazle algortarrak euskaratu zuen 1952an William Shakespeare-ren antzezlan ezagun hori, baina orain plazaratu dute Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua (DSS2016EU) erakundeak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Getxoko Udalaren laguntzagaz. Liburuaren pdf-formatua EIZIEren webgunean eskura daiteke, eta paperezkoa lortzeko, elkarte horretara jo daiteke.

Bingen Ametzaga Aresti idazleak (Algorta, Euskal Herria, 1901 - Caracas, Venezuela, 1969) 1952an euskaratutako "A Midsummer Night’s Dream" antzerki-liburua aurkeztu berri dute: "Uda gau bateko ametsa". Ustez 1595ean argitaratu zuen William Sakespeare-k (Stratford-upon-Avon, Ingalaterra, 1564 [bataio eguna] - Stratford-upon-Avon, Ingalaterra, 1616). Euskarazkoa, berriz, "Shakespearen Ametsa biziarazten" programaren baitan orain argitaratu da, Donostia 2016k datorren urtean Kristina Enea parkean antolatuko duen antzezlan bereziaren harira. 2016 Europako Kultur Hiriburua erakundeak (DSS2016EU) eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) lankidetzan jardun dute programa hori osatzeko. Bingen Ametzagaren itzulpen originala familiak zeukan gordeta, eta Xabier Irujo bere bilobak eman zion EIZIEri, Itzultzaile Aitzindarien bilduman argitaratzeko. Liburuaren pdf-formatua EIZIEren webgunean eskura daiteke, eta paperezkoa lortzeko, elkarte horretara jo daiteke. Getxoko Udalak ere lagundu du Ametzagak idatzitako itzulpena argitaratzen.

Francoren tropetatik ihesi, erbestera joateko utzi behar izan zuen herria Ametzagak, eta Algorta bere jaioterrian aurkeztu zuten hilaren 9an Uda gau bateko ametsa. Xabier Irujo bere bilobak dioenez, "Caracasen hil zitzaigun aitita, itsasoari begira eta maleta sotoan gordeta, Algorta bihotzean, Euskal Herrira noiz itzuliko zain". Idazle eta itzultzaile algortarraren lana aurkezteari "ohorea baino askoz gehiago" iritzi zion Koldo Iturbe Kultura zinegotzi getxoztarrak, aipatutako aurkezpenean. Udal agintariak adierazi zuenez, "orokorrean, pribilegio bat da Kultura zinegotzi batentzat liburu bat aurkeztea; baina, kasu honetan, algortar eta euskaltzale bati buruz berba egiten gabiltza". Ametzagaren bizitzaren hainbat pasarte ere zerrendatu zituen Iturbek, tartean hau: 1931n, EAJ ordezkatuz, Getxoko Udaleko zinegotzietako bat izan zela, geroago Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango zen Jose Antonio Agirre eta Lekube (Bilbo, Euskal Herria, 1904 - Paris, Frantzia, 1960) alkate zela. Iturbek, ostera, ez zekien Ametzagak berak ezkondu zuela Agirre, Getxoko bake epaile zela, Irujok jakinarazi zuen moduan. Bestalde, "Ametzagak eta Agirrek Getxoko udaletxeko balkoitik bertatik aldarrikatu zuten Euskal Errepublika", idazle eta itzultzaile algortarraren bilobak adierazi zuenez. Liburuaren aurkezpenera bueltatuz, proiektuan parte hartu dutenei ez ezik, idazle algortarraren familiari ere eskerrak eman zizkien Iturbek, testua uzteagatik; "baina bereziki Bingen Ametzagari berari, garai zail horietan egin zuen lan denagatik".

Ametzagarena, lehenengo itzulpena

Algortar eta Donostia 2016ko kultur zuzendari bezala, Xabi Payak ere aitortzen du ohore eta pribilegioa dela Bingen Ametzagaren liburuaren proiektuan parte hartu izana. "Uda gau bateko ametsa" liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, "Donostia, Europako Kultur Hiribururako aurrera eramaten dabilen jardueren artean, Shakespeare berezia izango da, bere heriotzaren 400. urteurrena beteko delako eta Europako literaturaren erreferente delako". Euskaraz egindako "A Midsummer Night’s Dream" (Uda gau bateko ametsa) antzerki-liburuaren hiru itzulpen existitzen dira: 1952an Ametzagak egindakoa, Aita Bedita Larrakoetxeak (Zeanuri, Euskal Herria, 1894 - Oñati, Euskal Herria, 1990) 1974an argitaratutakoa, eta Juan Garzia Garmendiak (Legazpi, Euskal Herria, 1955) landutakoa datorren urteko udan Kristina Enean egingo den ikuskizunerako. "Ametzagarena izan zen lehena, eta argia ikusten, azkena", azpimarratu zuen Payak.

2016ko udan, William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrenagaz bat etorriz, Kristina Enean antzeztuko du Tanttaka konpainiak, dantza-talde bategaz eta abesbatza bategaz lagunduta, egile ingelesaren obrarik magikoena, DSS2016EUren datorren urteko udako programazioaren apustu erakargarrienetako batean. Obrak ez du izango aktoreen, musikarien, dantzarien eta akrobaten parte-hartzea bakarrik, baita sukaldariena ere; emanaldia iluntzean hasiko da Teseoren eta Hipolitaren eztei-oturuntzaren ospakizunagaz, Shakespeareren testuan gertatzen dena errealitatera ekarriz. Antzezlana Donostian izango da ikusgai, hilabete osoan.

Euskararen batasuna

Orain argia ikusi duen liburua Bingen Ametzagaren lanaren lehen aitortza dela uste du EIZIEko Elizabete Manterolak; eta lan hori ezagutzera emateko ere balio duela esan du. "Ametzagak uste zuen euskarak batasuna behar zuela, eta oso ausarta izan zen itzulpena bere unean zeuden baliabide gutxirekin egitean. Liburuak irakurketa aktiboa eskatzen du. Gipuzkera du oinarrian, nahiz eta beste euskalki batzuk ere erabili; guk moldaketa txiki batzuk baino ez ditugu egin. Jatorrizko testua oso bizia da, eta ingelesez duen tonu arina eta ironikoa ematen asmatu zuen Ametzagak", dio Manterolak. Euskara osotua deitzen zioten orduko idazleek ondoren euskara batua izango zen horri.

Xabier Irujoren berbetan, "euskara berreskuratzeko erbestetik egin zezaketena egin zuen Ametzagak eta beste askok". Idazlearen bilobaren arabera, "beste hizkuntza batzuetan esaten zena euskaraz ere esan zitekeela frogatu zuen, eta horretarako itzulpengintzan jardun zuen, helburua euskararen biziraupena bermatzea zelako". Oraindino argia ikusi ez duten Ametzagaren lan gehiago daude.

 

 

Bingen Ametzaga

Algortan 1901ean sortua, Bingen Ametzaga 1920 eta 1936 artean hasi zen abertzaletasunaz eta euskaltzaletasunaz jabetzen. Urte haietan ikasi zuen euskara; baita ondo ikasi ere. Getxoko zinegotzi izan zen 1931n, Jose Antonio Agirre alkate zela; eta lehenengo Hezkuntza zuzendari lehenengo Eusko Jaurlaritzan, Agirre lehendakari zela. Eskolatutako umeak etsaien bonbardaketetatik babestea izan zen Jesus Mari Leizaolak eman zion lehenengo lana.

Ametzagak agindu zuen 1936ko Estatutuaren babespeko lehenengo ikastola zabaltzea, non eta Plentzian. Hala ere, gerraren ondorioz, itxi egin behar izan zuten. Francoren tropak Bilbotik gertu zeudela, algortarrak bere gain hartu zuen umeen ebakuazioa. Ametzagak berak ere erbesteratu behar izan zuen Ingalaterrara, Argentinara eta Caracasera (Venezuela), Mercedes Iribarren bere emazteagaz batera.
 
Euskal kulturaren eta euskararen aldeko lan handia egin zuen erbestean. Zuzenbidean lizentziatua, Caracaseko eta Montevideoko unibertsitateetako irakasle ere izan zen. 1957ko uztailean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Horrez gainera, "Euskal-Esnalea", "Euzko Gogoa" eta "Egan" aldizkarietan argitaratu zituen bere ipuin, poesia, narrazio eta saiakerak.

Baina itzultzaile-lanetan nabarmendu zen, batez ere. Euskaraturiko lan ugari argitaratu zituen, baina asko argia ikusi barik geratu ziren, eta horietako bat da "Uda gau bateko ametsa". Lan horrez gainera, Ametzagak literatura unibertsaleko beste hainbat lan euskaratu zituen, horien artean: Oscar Wild (Dublin, Irlanda, 1854 - Paris, Frantzia, 1900) idazle anglo-irlandarraren 1898ko "The Ballad of Reading Gaol" (Reading baitegiko leloa); Willian Shakespearek, ustez, 1601ean idatzitako "Hamlet"; Ciceronen (Arpino, Erromatar Inperioa, K. a. 106 - Formia, Erromatar Inperioa, K. a. 43) "Laelius de amicitia" (Adiskidetasuna) eta Juan Ramon Jimenezen (Moguer, España, 1881 - San Juan, Puerto Rico, 1958) "Platero y yo" (Platero eta biok), 1914koa. Caracasen zendu zen 1969an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun