Bi txandatan aterako dira atletak: gizonezkoak, alde batetik, eta emakumezkoak, beste aldetik. Areetako hondartzara heldu beharko dute, 1.500 metro igerian egin ostean. Areetako Jose Luis Ugarte kalean, berriz, bizikleta hartu eta 43,8 kilometroko probari ekingo diote triatletek. Itsasadarreko errepidea hartuta, Rontegi zubiaren azpiko bide-gurutzean Asuarantz egingo dute txirrindulariek. Ondoren, Loiu eta Gatika zeharkatuko dituzte, eta Ugarte gogoratzen duen arkua igaroko dute Laukizen. Urduliz, Unbe, Akarlanda, Leioako campusa eta Astrabudua igarota, Areetako hondartzara bueltatuko dira atletak. Azkenik, 10 kilometro egingo dituzte korrika: Ereagaraino buelta bi egingo dituzte eta Bizkaiko Zubian amaitu dute.
Izen-ematea
Inskripzioak Triatloi Federazioaren webgunean egin daitezke uztailaren 20ra arte, astelehena; 23:59ra arte. Daborduko 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena.