Imanol Landa alkateak ondoetorria eman ostean, Lurzoru, Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko zuzendari Maria Elena Letek hitzaurrea egingo du. Ondoren, Juan Manuel Madariagaren (Cultural Landscape and Heritage Unesco katedra) txanda izango da eta honako hau izango du berbagai: “Mitoak eraitsiz: Bilboko itsasadarraren kutsadura Horacio Echevarrietaren garaian (1870-1960)”. Jarraian, Javier Taksek (Ura eta kultura Unesco katedra) gai hau jorratuko du: “Uruguaiko paisaia industrialeko gizarte eta ingurumen erronkak”. 12:30ean, 90 pertsonarentzako bisitaldi gidatua egingo dute, eta eskainiko diren lekuetatik 40 Getxoko herritarrentzat gordeko dira. Parte hartu gura dutenek 944 660 171 zenbakira deitu beharko dute 09:00etatik 10:30era bitartean.
Bisitaldi gidatu gehiago
Horrez gainera, martitzenean, uztailak 21, hasiera emango diete uztaileko, abuztuko eta iraileko ikustaldi gidatuei. Hilabete horietako bisita gidatuak egiten diren bitartean, pasabide bat eraikiko dute galerian zehar, modu seguruan ibiltzea ahalbidetuko duena. Bisitaldiak egiten diren heinean eraikiko da pasabidea; hala, galerietako eremu berriak zabaltzeko segurtasun-elementuak zelan ipintzen diren ikusteko aukera aparta izango dute herritarrek. Horiek horrela, ikustaldi bakoitza desberdina izango da, une bakoitzean egiten dabiltzan lanen arabera aldatuko baitira.
Bisitaldiak euskaraz (16) zein gaztelaniaz (46) egiteko aukera dago. Ordu bateko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta hauxe izango da ordutegia: martitzenetik barikura 12:00etan, eta zapatuetan eta domeketan 13:00etan. Ezin izango da 12 urtetik beherako inor sartu.
Erreserba egiteko sartu webgune honetara edo deitu Turismo Bulegoko telefono-zenbaki honetara: 944 910 800.