Villak 36 partidu jokatu zituen azken denboraldian; 14 gol sartu zituen. Aurretik, Espainiako Lehenengo Mailan jokatu zuen partida bakarra, Racing taldeagaz eta Zaragozaren aurka. 2007ko irailaren 1ean izan zen hori. Ondoren, Racing B-ra eta 2. Bra bueltatu zen. Maila horretan, Real Union, Alaves, Amorebieta eta Noja taldeetatik ere pasatu zen, Ingalaterrara joan baino lehen.
Halere, Villa ez da Arenas futbol-taldeak ezagutarazi duen fitxaketa bakarra datorren denboraldirako: Jose Martinez Oya eta Jon Madrazo erdilariek ere elastiko gorri-beltza jantziko dute. Martinezek 32 urte ditu, eta Atletico Mancha Realetik dator, nahiz eta Jaenen hazi zen. Besteak beste, Barakaldon jokatu zuen. Madrazok, ostera, 22 urte ditu; ortuellarra da, eta Zamudiotik pasa da Arenasera. Aurretik, Apurtuarten jokatu zuen.
Itzubaltzeta/Romoko jai-saria
Gorri-beltzek hilaren 20an, 19:30ean, ekingo diote denboraldi-aurrekoari, eta uztailaren 29an eta abuztuaren 1ean izango dituzte lehenengo lagunarteko partidak, Bermeoren eta Zamudioren aurka. Abuztuaren 5etik 8ra, ohiko Itzubaltzeta/Romoko jaietako saria antolatuko du Arenasek. Lehia horretan izango dira Bigarren B Mailan arerio izango dituen hiru klub bizkaitar: Amorebieta, Gernika eta Portugalete. Beraz, ez da izango Leioaren aurkako derbyaz gozatzerik, baina sariketa baliagarria egingo zaio Jon Perez “Bolo”-ri, Ligako lehiakideen ahulguneak ezagutzeko. Abuztuaren 12an, Laredon jokatuko du Arenasek.