Popularrek pabiloiak lurrera botatzeko eta ondoan dagoen Arenas Club lorategiaren jarraipena egiteko nahia agertu du berriro. Era berean, pabiloiak berritzearen eta lehen zeuden gazteak itzultzearen kontra agertu dira, “auzoan ez dituztelako nahi”. Halaber, Ezekiel Agirre kaleko etxebizitzan egotea ere ez dute ulertzen, “beste talde eta kolektibo batzuek okupatu ahal izango luketelako”. Gobernu Taldeak azpimarratu duenez, “pabiloien erabilpena, behin berritu ondoren, ez da okupatzen zuten gazteentzat bakarrik izango, baizik eta irekia izango da, beste kolektibo batzuentzat ere. Ordutegiak, erabilpenak... arautzeko hitzarmena dago, inguruko auzokideakaz bizikidetza eta errespetua bermatzeko”.
Jose Luis Landa PSE-EEko bozeramaleak gogoratu du pabiloiak mantentzeko erabakia gehiengoz adostu zela Uholdeen Batzorde Berezian.
Bestalde, GUK kolektiboen autogestioaren alde agertu da eta beste auzo batzuetan eredu hori hartzera animatu du. EH Bilduk ere gogoratu du pabiloiak ez direla gaztetxeko gazteen erabilpen bakarrerako izango, eta horiek eta Udalaren artean lortutako akordioaren antzekoak begi onez ikusi ditu, “irtenarazteak ekiditen dituztelako. Autogestionatutako lokalek ez dute bizi bere unerik hoberena eta mota honetako akordioak behar dituzte”.