TKEk zabaldu duenez, emakumezkoen estropadak 2.778 metro izango ditu: bi luze eta ziaboga bakarra. San Miguel Ligan, ordea, ontziak lau trainerutako hiru txandatan banatuta egongo dira. Jardunaldiko txandak antolatzeko aurreko jardunaldiko sailkapenak hartuko dituzte kontuan, Nojan larunbatean jokatutako estropadarenak hain zuzen ere. Azken lau sailkatuak lehen txandan arituko dira jarraian txanda guztiak osatu arte. Estropadak 5.556 metrotako (3 itsas milia) ibilbidea izango du, lau luze eta hiru ziabogakaz.
Estropadak
Euskotren Ligak Getxoko Estropaden VII. ikurrina jokatuko du. Nahiz eta denboraldi honetan txapelketa lortzeko lehian dabiltzan 4 traineruen artean eskualdeko edota Bizkaiko trainerurik ez izan, Uribe Kostako arraunlariak ez diote hitzorduari hutsik egingo. Berbarako, Hibaikaren eskifaian, Olatz Ortega getxoztarrak eta Jone Oliban lemoiztarrak egingo dute arraun. San Juanen, berriz, Ondiz Lekubarri getxoztarra lehiatuko da.
San Miguel Ligan ere ez dago traineru uribekostarrik Kantauriko 12 ontzi onenen artean, baina Jose Antonio Agirre lehendakaria zena omentzeko Getxoko Estropaden XXXVII. ikurrina eskuratzeko eskualdeko hainbat arraunlari izango da. Besteak beste, Urdaibaik, Portugaletek eta Zierbenak sendotu dituzte euren traineruak hemengo kirolariakaz. Bermeokoek Beñat Astelarra plentziarra, Jon Elortegi barrikoztarra eta Javier Polo algortarra dituzte taldean. Portugaletek eta Zierbenak uribekostar bana dute: Asier Astelarra plentziarra eta Paul Galdiz getxoztarra, hurrenez hurren.
KAE-2ko ontziek ere 3 itsas-mila egingo dituzte Algortako Portu Zaharraren XII. ikurrinean. Estropada hiru txandatan egingo da eta postuak aurreko eguneko estropadaren osteko sailkapen orokorrak erabakiko ditu. Halere, litekeena da Arkotek ohorezko txandan egitea arraun eta Getxok eta Lutxanak derbya izatea, beste talde bigaz, bigarren txandan.
Udal balorazioak
Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu du arraunketa sasoia "udalerrira helduko dela kirol arloan Getxon urte bikaina bizi ostean. Izan ere, Kirolaren Europar Hiriaren saria eta Kirolaren Europar Hiririk Onenaren saria jaso ditugu 2014an. Horrexegatik, gure klub eta elkarteek kirola sustatzeko egiten duten lan eskerga gogoratu eta txalotu behar dugu. Besteak beste Getxo Arraun eta Raspas taldeen lana. Bi klub hauek ibilbide luzea egin dute, eta getxoztarren hainbat belaunaldiri kutsatu diete kirol honenganako grina, itsasoari begira dauden euskal herri guztien nortasun-ikur bihurtu dena", gaineratu du Landak.
Alkateak nabarmendu du Traineruen Klub Elkarteak arraunketa sustatzeko egiten duen lana: "Hain profesionalizatuta dagoen goi mailako lehiaketa-mundu horretan meritu handikoa da tradiziozko jatorria duen kirolaren muina mantentzea, eta aldi berean, publiko handiaren interesa pizten duen eran aurkeztea ere".
Bestalde, Jose Manuel Ortiz Traineruen Klub elkarteko ordezkariak Getxo zoriondu eta eskerrak eman dizkio estropadak antolatzeagatik, "arraunketa mundurako hedatze hau oso garrantzitsua delako. Traineruen Kluben Liga sortu zenetik, Udala eta Getxoko herria laguntzen dabiltza eta hori guretzat oso garrantzitsua da". Gainera, Ortizek nabarmendu du lau traineruren partaidetza duen emakumezkoen lehia "maila handian dago eta ikuskizun bikaina ematen dabil".
Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotziaren esanetan, pasa den urtean legez, hiru estropadak egun berean izatea arrazoi honengatik izango da: "Gure asmoa proba-mota horiek antolatzeko behar diren bitartekoak optimizatzea da, eta Ereagako zonara eta kirol-portura gerturatzen diren hiritarrei ahalik eta enbarazurik txikienak eragitea”. Ildo horretatik, eta publiko ugaria bertara daitekeela aintzat hartuta, Gonzalezek Getxora hurbilduko direnei gomendatu die garraio publikoa erabiltzeko, ahal duten neurrian.
Getxoko uretan egingo den arraunketaren egutegia abuztuaren 15ean (zapatuan) amaituko da, beteranoen XII. Portu Zaharreko Ikurrinarekin; proba hori ABEren Ligaren barruan dago, eta Getxo Arraun Elkarteko, Arkote Beteranoak Batera eta Lutxana-Deustu ontzi bana dago lehian. Estropada hori Portu Zaharretik gertu dagoen aldean antolatuko da, 17:00etatik aurrera.