Biotz Alai abesbatzak Aste Nagusian emango du kontzertua, Anne Etxegoienegaz

Iker Rincon Moreno 2015ko abu. 22a, 11:13

Ipar Euskal Herriko euskal folklorearen belaunaldi berrien ordezkari da Anne Etxegoien. CPTCV

Aste Nagusiaren erdialdean, abuztuaren 26an, eguazte­na, Algortako Biotz Alai abesbatzagaz eta Bilboko Or­kestra Sinfonikoagaz (BOS) emanaldia eskainiko du Anne Etxegoien kantari baxenabartarrak. Hitzordua 23:30ean ipini dute, Abandoibarran; sarrera, doan. 

Aste Nagusikoagaz, sei izango dira abeslari donapaleutarrak eta koru algortarrak batera ematen dituzten kontzertuak: ekainaren 18an, Donostiako Kursaalean eskaini zuten saio pribatua, Laboral Kutxak antolatuta; uztailaren 2an, ostera, Okzitaniako Lezignan-Corbieres udalerrian egon ziren; uztailaren 19an, Zornotzan kantatu zuten; abuztuaren 8an, Akitaniako Beleymas udalerrian; eta azkenik, abuztuaren 12an, Lekeition.. 2016rako emanaldi gehiago iragarri ditu Biotz Alai abesbatzak.

Ipar Euskal Herriko euskal folklorearen belaunaldi berrien ordezkari da Anne Etxegoien Donapaleuko (Nafarroa Beherea) 34 urteko abeslaria. Ahots liriko eta gozoa dauka; Baionako Aizkoa gizonezkoen abesbatzagaz aurrekari bako arrakasta lortu zuen Frantzian, herri-kanten bertsioakaz.

Etxegoienen azken diskoa, "Les Voix Basques", urrezko diskoa izan da herrialde horretan, 60.000 kopia baino gehiago salduta. Frantziako salduenetariko TOP 10-en artean egon da; eta Youtuben, 700.000 bisita baino gehiago eduki ditu Mikel Laboaren "Txoria txori" kantuaren Etxegoienen bertsioak. Euskal Herriaz gainera, hainbat herrialdetan ere kontzertuak egin ditu: Argentinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Irlandan eta Espainian. Frantzian barrena Basque eta Paz Tour bira ere egiten dabil.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun