Ekitaldi horretan, Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak argi utzi zuen ez duela horrelako jokabiderik onartuko, eta herritarrak deitu zituen horrelako gertaerei aurre egin diezaieten. "Guztion artean erasotzaileak identifikatu, seinalatu eta akatuko ditugu", adierazi zuten, "autodefentsa feminista" aldarrikatzeagaz batera. Ernai gazte erakundeak ere, autodefentsaren aldeko apustua egin du, euskal geografiako hainbat eraso sexista salatzeko kaleratu duen oharrean.
Jazarpenagaz, jai herrikoiak "erabat ezinezkoak" dira
Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai-batzordeak bat egin du bertako talde feministak egindako salaketagaz eta "erabateko arbuioa" agertu du sexu-erasoa dela-eta. Ildo berean, kaltetutako emakumeari "gure elkartasun eta maitasun guztia" adierazi dio. Gogoratu dutenez, kuadrillek, herriko eragileek eta jai-batzordeak berak parte hartu zuten ehunka auzokidegaz batera IEAk antolatutako kontzentrazioan: "Izan ere, emakumeek eskubide osoa dute nahi duten lekutik, nahi duten orduan eta nahi duten moduan ibiltzeko, parrandan murgiltzeko, dantzatzeko, jaiez gozatzeko eta nahi dutena egiteko, jaietan zein jaietatik kanpo, inolako jazarpena jasan behar barik. Eta jazarpena diogunean zapatukoa bezalako bortxakeriaz ari gara baina baita maila baxuko matxismoaz ere: irainak, mespretxuak, eta mota guztietako jarrera matxistak. Guztion lana da gaitz horregaz amaitzea. Gainera, gogorarazi nahi dugu erabat ezinezkoa dela antolatzea jai herrikoiak, anitzak, parte-hartzaileak, parekideak, euskaldunak eta ekologistak auzokideen erdia baino gehiago terrorismo matxistaren jo puntuan baldin badago".
Getxoko Udalaren errefusa
Bere aldetik, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea gaur goizean batu da, GUK eta EH Bildu udal taldeek eskatuta. Udal erakundeak ez du oraingoz gertatutakoa baieztatu eta, ondorioz, "Ertzaintzak kasua ikertzen duen bitartean" balizko gertaera batez berba egitea nahiago izan du. Gauzak horrela, Itzubaltzeta / Romo auzoko jaietan "ustez gertatutako sexu eraso saiakera batengatik jarritako salaketaren aurrean", gogorarazi du "jokabide sexistek eragindako eraso edo tratu txar guztiak" gaitzesteaz gainera "ez dituela onartuko". Horregaz batera, Bozeramaileen Batzordeak honako bost puntuak adostu ditu, hitzez hitz:
1. Jokabide sexistek eragindako eraso edo tratu txar guztiak gaitzesten dituela eta ez dituela onartuko adierazten du, eta aipatutako salaketaren ondoriozko erantzukizunak lehenbailehen argitzeko eta azaltzeko eskatzen du. Halaber, erasotua izan zen emakumeari elkartasun osoa adierazten eta bere laguntza eskaintzen dio.
2. Getxoko Udalak ez du horrelako jokabide sexistarik onartuko eta eraso sexistarik gabeko gizartearen eta jaien alde lan egiteko konpromisoa berresten du, ezetza beti ezetza dela argi gera dadin.
3. Udala berdintasun eta errespetu baloreetan oinarritutako gizartea lortzeko lan egitearen alde agertzen da, emakumeak askatasun osoarekin irten, paseatu eta bizi ahal izan daitezen; gure udalerriko kaleetan bizitzaren uneoro, eta bereziki jai egunetan ere, lasai ibili ahal izateko; harreman sexualak norekin, noiz eta nola eduki askatasun osoarekin erabaki ahal izateko, hau da, beren borondatea guztiz errespetatua izan dadin.
4. Era berean, Udalak dei egiten die getxoztar guztiei emakumeen aurkako eraso guztiak salatu ditzaten eta erasotzaileak identifikatu ditzaten.
5. Getxoko Udalak bat egingo du eskubide hori aldarrikatzeko edo eskubide hori urratzen duen edozein ekintza salatzeko antolatzen diren mobilizazio guztiekin.