Bihar abiatuko da Getxoko folk jaialdia

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 2a, 12:32

Goran Bregovic Balkanetako jai-erritmoen maisuak ezkontza eta hileta-bandagaz joko du. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Irailaren 3tik 6ra Folk Getxo BBK jaialdiak bere 31. ekitaldia ospatuko du. Aurtengo egitarauan Estrella Morente, Goran Bregovic, Gwendal eta Oskorriren saioak nabarmendu behar dira. Hala ere, daborduko amaitu egin dira euskal taldeak erretiratu aurretik emango dituen azken kontzertuetatik lehena ikusteko sarrerak. Oskorrik azaroaren 22an agur esango digu betirako, Bilboko Arriaga antzokian. Bitartean, The Royal Burgh Of Stirling bandak Metro Bilbaoko Alde Zaharreko geltokitik Bidezabaleraino bidaiatuko da eguazten honetan, eguerdian.

Denera, 11 kontzertu hartuko ditu Folk Getxo BBK jaialdiak, baita kale banden desfileak eta lankidetza eta kulturen aniztasuna bultzatzen dituzten jarduerak ere. Ohi denez, Areetako Xake plazan izango dira saio nagusiak (ordaindu beharrekoak) 21:00etan (domekan, 20:00etan) eta arrastiko saioak, plazaren atzealdeko aparkalekuan, 19:00etan (domekan, 18:00etan). Bertan ere Munduko Terrazak ekimenaren kontzertuak (23:00etan) zein haurrentzako saioa izango dira. Gainera, jarduera ugari egongo dira Folk Getxon; berbarako, zenbait gobernuz kanpoko erakunderen eta elkarteren postuak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka, hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza eta kale banden desfileak.

Banan-banan

Arrastiko saioetan (19:00etan), ikusleek askotariko programaz gozatu ahal izango dute, Vrienden asturiar bandaren fusio-folkean hasita, Mikel Markez kantautoreak eta Aire Ahizpak a cappella ahots-hirukotearen arteko elkarlanean amaitu, tartean Salaoren flamenkoa eta Andres Penabad akordeoi-jotzailearen galiziar folk berria daudela. Bestalde, saio nagusiak amaitu ondoren Munduko Terrazako kontzertuak hasiko dira. Bertan ariko dira Moxie, folk irlandar berriaren erakuslea, berritasunez beteta eta freskagarria; eta Raul Rodriguez, flamenkoa eta doinu kubatarrak uztartu dituena berak asmatutako tresnaz baliatuta.

Agertoki nagusiko saioetako lehendabiziko kontzertuan flamenko musikaren ahots garrantzitsuenetariko batek jardungo du, Estrella Morente, hain zuzen ere. Areetara "Autorretrato" ikuskizuna dakar, eta horretan erritmo anitzak eskaintzen ditu ikuspegi berritzailea, sofistikatua eta egungoaz baliatuta. Bigarren egunean, Goran Bregovic musikari bosniarra egongo da. Balkanetako jai-erritmoen maisuak ezkontza eta hileta-bandagaz joko du doinu mordoa nahasten dituen fusio ikuskizunean.

Jaialdiaren erdialdean musika zeltaren arloko talde esanguratsuenetariko bat jardungo du, Gwendal banda bretoiak, alegia. Oraingoan, gonbidatutako beste artistakaz jardungo du eta Areetako saioa grabatuko dute taldearen disko berrirako. Saio nagusien eskaintza borobiltzeko, Oskorrik itxiko du. Euskal musikaren talde ospetsuenak "Hauxe da despedidia" bira abiatuko du Areetan, zaleei agur esateko, zenbait hamarkadaz ibilbide arrakastatsua osatu ondoren. Daborduko agortu dira sarrerak.

Eskoziako banda, metroan

Beste urte batez, Folk Getxo BBKri lagunduko dio Metro Bilbaok. Bihar, eguena, 12:00ak inguru, Bizkaiko Foru Jauregian emanaldia eskaini ondoren, The Royal Burgh Of Stirling Pipe Band talde eskoziarrak Alde Zaharra geltokiko Unamuno kaleko irteeran egingo du agerraldia. Taldea hogei bat pertsonek osatzen dute eta Bidezabalgo geltokiraino bidaiatuko dira.

The Royal Burgh Of Stirling Pipe Band 1977an sortu zen, talentu gazteak deskubritu zein sustatzean zentratzen da batez ere eta gaita eskoziarra ezagutzera ematen saiatzen da, bereziki Stirling-en, Eskoziako hiri nagusietako batean.

Egitaraua

Irailak 3, eguena

19:00 Vrienden (Asturias), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta/Romo). Sarrera doan.
21:00 Estrella Morente, Xake plazan (Areeta). Sarrera: 20 euro.

Irailak 4, barikua

19:00 Andres Penabad (Galizia), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta). Doan.
21:00 Goran Bregovic & Wedding and Funeral Band, Xake plazan. Sarrera: 25 euro.
23:00 Moxie (Irlanda), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta). Doan.

Irailak 5, zapatua

12:30 Abeltxuriak taldearen Euskal soinu tresnak umeentzako saio didaktikoa, parkingean. Sarrera doan.
19:00 Salao (Katalunia), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta). Doan.
21:00 Gwendal, Xake plazan (Areeta). Sarrera: 15 euro.
23:00 Raul Rodriguez (Andaluzia), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta). Sarrera doan.

Irailak 6, domeka

18:00 Mikel Markez eta Aire Ahizpak (Euskal Herria), Xake plaza atzeko parkingean (Itzubaltzeta). Sarrera doan.
20:00 Oskorri, Xake plazan (Areeta). Sarrerak agortu egin dira.

Gainera, banda desfileak, Munduko Eskulanen Azoka, Gune Solidarioa, Munduko Terraza egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun