Diru-laguntza horrek gizarteratzeko zailtasunak dituzten 73 pertsona lan munduan sartzea du helburu, euren kualifikazioa, eskumen pertsonalak eta motibazioa suspertzeko, aldi bateko lan esperientzia baten bitartez. Kontratatuko diren 73 pertsonen %20 laneratze zailtasunak dituzten lagunak izango dira eta %9 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak. Halaber, kontratatu behar diren pertsonen artean gutxienez %40 emakume langabetuak eta gutxieneko %15 55 urtetik gorako pertsonak izan beharko dira.
Imanol Landak Getxoko alkateak bere poztasuna adierazi du Eusko Jaurlaritzak enplegua sustatzeko egindako laguntza deialdi berriaren aurrean, horren bitartez udalerriaren gizarte eta ekonomia “garapenean eta modernizazioan eragina duten proiektuak martxan jartzen” laguntzen jarraitzen baitute.
Laguntzak bertako enpresentzat
Udalak Getxoko langabetuei 58 kontratu egin ahal izateko diru-laguntzak emango dizkie bertoko enpresei. Bi deialdi publikoren bitartez, enpresei eta langabetuei eskatuko zaizkien betebeharrak azalduko dira.
Deialdietako bat enpresei, dendei eta profesionalei dago zuzenduta, beren forma juridikoa edozein dela ere, hala nola irabazi-asmorik gabeko erakundeei. Eta bigarrena, laneratze enpresei, enplegu zentro bereziei eta zailtasun bereziak dituztenak lan munduan sartzeko diharduten enpresei zuzenduta dago. Langabetuen hautaketa enpresek beraiek egingo dute. Eskaerak gaurtik aurrera aurkeztu ahal izango dira.
Lanbide
Udalak zuzenean 10 lagun kontratatuko ditu, 6 hilabeterako lanaldi erdian. Beste 5 lanpostu Udaleko zenbait arlok kontratatuko dituzte, zerbitzuak emateko zeharkako kontratuen bitartez.
Kontratazio horientzat hautagai guztien aukeratzea Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratuta dagoen lan eskaintzaren bitartez egingo da, horregatik ezinbestekoa izango da interesdunentzat Lanbiden izena emanda edukitzea.