Uruguaiko errugbi selekzioko gizonezkoek Munduko Kopa prestatzen dihardute egunotan Algortan. Izan ere, Kopa irailaren 18an hasiko da Londresen. Talde hegoamerikarra Getxon egongo da kontzentratuta irailaren 13ra arte, eta egun horretan, Ingalaterrara bidaiatuko du mundialaren lehenengo fasea jokatzeko. Fase horretan, Ingalaterrako, Australiako, Galeseko eta Fijiko selekzioen aurka jokatuko du. Prestaketaren zati legez, Japonian bira egin du Uruguaik, Euskal Herrira etorri aurretik.
Uruguaiko 20 urtez azpiko taldeak ere egonaldia egin zuen Faduran, pasa den maiatzean. Orduan, teknikari uruguaitarrek Getxo aukeratu zuten selekzio osoak bere maila neur zezan. Uruguai munduko 20 selekzio onenen artean dago sailkatuta. Teknikari uruguaitarren ustez, Getxon batzen ei dira selekzioen arteko lehiaketa nagusia prestatzeko baldintzarik onenak. Horrela, Uruguaik Irlandako taldeari jarraitu dio; hark ere, 2003an Getxo hautatu baitzuen urte hartako Errugbiko Munduko Kopa prestatzeko. Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotzia pozik agertu da: "Maila horretako selekzioa gurean egoteak gure taldeei ikasteko aukera paregabea eskaintzen die, eta gure udalerrian errugbirako dagoen zaletasun handiaren aitorpena ere bada, gainera".