Getxoko Udalak migrazio eta asilo politika malguagoak ezartzeko eskatu dio Europar Batasunari

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 8a, 16:20

Gerran murgilduta dauden herrialdeetatik Europara etortzen ari diren errefuxiatuen harira, Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen atzo goizean, EAJ, PP, PSE-EE eta Ciudadanos-en baiezkoagaz eta GUK eta EH Bilduren abstentzioagaz.

Adierazpenaren arabera, Udalak 2015eko apirilaren 28an aho batez onetsitakoa berretsi du. Hala, Udalak giza eskubideak defendatzeko daukan “konpromiso humanitarioa” berretsi du. Era berean, nazioarteko ahalegina eta lankidetza areagotzea “nahitaezkoa” dela nabarmendu du, “guztiona den erronkaren aurrean mundu mailako erantzuna indartzeko eta muturreko larritasun egoeran dauden pertsonen bizitzak babesteko”. Halaber, migrazio eta asilo politika malguagoak ezartzeko eskatzen dio Europar Batasunari, “gatazka edo pobrezia egoeran dauden herrialdeetako pertsonek Europara heltzeko aukera izan dezaten, bizia arriskatu gabe”.

Guzti horregaz batera, Eusko Jaurlaritzak azaldutako egoeratik datozen errefuxiatuak hartzeko sortzen duen lantaldean, EAEko gainerako erakundeakaz harremanean eta koordinazioan, udalentzat sortzen den programan parte hartzeko borondatea daukala adierazi du Udalak.

Migrazioaren alorrean tokiko mailan egiten duen lana aztertuko du Udalak, gai honetan espezializatuta dauden elkarte eta erakundeen ekarpenagaz.

GUKen arabera, adierazpena “azalekoa” da

GUKek salatu duenez, atzo onartutako adierazpena “azalekoa” da eta ez du larrialdi humanitarioa hori islatzen. Uste dutenez, gai horretan espezializatuta dauden elkarte eta erakundeak kontutan hartuta, “guztiok beharrezkoak ikusten ditugun beharrak asetzeko ahaleginak arinduko daitezke”. Hori horrela, hartze sistema bat osatzeko ekintzak egiten hasteko eskatu dute.

EH Bilduren ustez, akordioak ez du konpromiso “sendorik” jasotzen

EH Bildu ere abstenitu egin zen atzo, “hau asmo hutsetan gelditzen den adierazpena baino ez delako, ez baitu konpromiso sendorik jasotzen”. Apirilean onartutako adierazpena onartzen dute, baina horrek atzo hartutako akordiotik harago joan beharko lukeela uste dute. Halaber, koalizio abertzaleak ez du ulertzen Babes Hiri sarera ez atxikitzeko eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuko duen taldean parte hartze soilaren erabakia. Euren arabera, talde horretan parte hartzea eta Babes Hirien sarean sartzea “bateragarriak” diren ekintzak dira, “eta hala ere, eznahikoak errefuxiatuen krisiaren larritasunaren aurrean”.

Era berean, ez dute bat egiten beste erakundeak laguntza eske etorri arte itxaroteko alkateak defenditutako jarreragaz. “Getxok harrotasunez aireratzen du integrazio, harrera eta kulturaniztasun alorretan aitzindari dela, baina honako honetan atzean geratu da”, salatu dute. Diotenez, Udalak gaitasun nahikoa du irtenbide praktikoa gauzatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun