Aurrera jarraitzen dute Euskaltel Bowlzilla skate txapelketako prestaketa-lanek

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 9a, 17:50

Argazkian zutik, ezkerretik eskumara, Danny Leon patinatzaile madrildarra, Imanol Landa Getxoko alkatea, Chad Ford australiarra (ekimenaren antolatzailea) eta Pat Ngoho Kaliforniako patinatzailea. © GETXOKO UDALA

Getxoko Kantera skate parkeko pool-etako bat olioz beteta agertu zen atzo goizean. "Bowlzilla kanpora", "Kantera ez dago salgai", "Kanterak ez du barkatzen" eta "Ez zarete ongi etorriak" mezuak (gazteleraz) irakur zitekeen, inguruan agertutako pintaketetan. Hala ere, udal arduradunak agudo jarri ziren horiek denak garbitzen eta ez dirudi arazorik egongo denik eguen honetan Euskaltel Bowlzilla skate txapelketa abiatzeko. Horrela ematen du, behintzat, gaur goizean udal arduradunek eta lehiaketako antolatzaileek horren aurkezpena egin ostean.

I. Euskaltel Bowlzilla lehiaketak berrogeita hamar patinatzailetik gora bilduko ditu; zapatura arte Areetako eta Arrigunagako skate-parkeetan antolatuko diren hiru probetan parte hartuko dute. Hala, lehiaketa bihar, eguena, hasiko da 15:00etan Areetako pistan. Bertan, profesionalak eta amateurrak zapatuan Kanteran jokatuko den final handirako hainbat postu lortzen saiatuko dira. Barikutik aurrera, ostera, jarduerak Arrigunagan izango dira; 16:00etatik 18:00etara bitartean lehiaketa antolatu dute, master kategorian. Euskaltel Bowlzilla nazioarteko txapelketa honen lehenengo edizioa zapatuan amaituko da, profesionalen arteko final handiagaz. Horiek 16:00etatik 19:00etara bitartean lehiatuko dira "bowl"-ean.

Imanol Landa alkateak adierazi duenez, "Getxo, mundu-mailan, skatearen erreferentea da eta lehiaketa hori Kanteran antolatu ahal izatea, neurri handi batean, gure udalerrian dagoen zaletasun handiaren eta Getxo Skate Klubak eta hamarkadaz hamarkada Arrigunagan zein Areetako skate-parkeetan modalitate hori sustatuz patinatzaile ugarik egindako lan ikusgarriaren ondorio da". "Getxok Europako Kirolaren Hiri Hoberenaren izendapena jaso badu, gure kirol arloko jendearen lanari, konpromisoari eta egite onari esker izan da, eta ekitaldi hau horren adibide argia da", gaineratu du udal agintariak. 

Bere aldetik, lehiaketaren sustatzaile eta arduradun nagusi Chad Ford australiarraren berbetan, "Getxo ekitaldia ospatzeko toki bakarra eta izugarria da. Arrazoi asko batzen dira esateko Kantera, eta Getxo orokorrean, Bowlzilla antolatzeko toki hobezina dela adierazteko".  

Ildo horretan, master kategorian "bowl"-eko munduko txapeldun Pat Ngoho "rider" kaliforniarrak azaldu du, "Getxok duen inguru berezia ez dute beste toki askok, berton skate-a eta horri lotutako bizimodua ulertzen direlako". Era berean, Madrileko Danny Leon patinatzaile profesionalak gogoratu du iaz ere egon zela Kanteran eta izugarrizko esperientzia izan zela: "Herrialde desberdinetako jendea etorri zen eta oso ondo pasa genuen. Horregatik, aurten horren zain gaude eta betetzea espero dugu".  

Lehiatuko direnen behin betiko zerrendak itxi barik egon arren, Brad Bowman, Alex Halford, Sean Goff, Paul Davidson, Danny Leon eta Pat Ngoho patinatzaileek baieztatu dute euren partaidetza.

Jarduera denetarako sarrera libre eta doakoa izango da eta Kanterako "bowl"-ean patinatzaileen bilakaera hurbiletik jarraitu ahal izateko, harmailak eta pantaila erraldoiak jarriko dira. 

Errepide mozketa

Aurreikus daitekeen jende-oldearen aurrean, Getxoko Udaltzaingoak Altube eta Artaga kaleetako ibilgailu-sarbidea eten egingo du barikuan, 15:30etik 18:30era eta zapatuan, 14:30etik 18:30era. Beraz, hurbiltzekotan direnei zerbitzu publikoa erabiltzea gomendatu diete udal arduradunek; baita inguru horretako auzotarrei "egoera ulertzeagatik" aldez aurretik eskerrak eman ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun