Erandioko Mendibaiarte abesbatzak emango dio hasiera barikuan jaialdiaren 29. edizioari. 24 ahots baxuk osatzen dute taldea; 2005ean sortu zen, Mendibaiarte otxotetik abiatuta. Abesti-errepertorio askotarikoa abesteko eta herri-ospakizunetan parte hartzeko asmoz batu ziren kantariak urte hartan, eta, geroztik, hainbat jardueratan parte hartu du koralak, berbarako: Bizkaiko Abesbatzen Egunean, Erandioko Musikaldian, Euskadi Kanta lehiaketan eta bestelako ospakizunetan (adib.: Karmengo amaren eguna, Kanpomartxo, Euskararen Eguna eta abar). Bizkaitik kanpo, besteak beste, Avilan eta Asturiasen kantatu du Mendibaiarte abesbatzak.
Bigarren egunean, zapatuan, Mediterraneoko erritmoak hartuko ditu jaialdiak, Els Cremats taldeari esker. Gironako seikoteak askotariko errepertorioa dauka, habanera ardatz hartuta, beste genero batzuk alboratu barik (itsas abestia, taberna-abestia...). Palafrugelleko eta Calella de Palafrugelleko jai eta taberna-giroan sortu zen taldea, eta genero horren topikoak apurtu ditu, itsas doinuak beste erritmoakaz nahasteko duen gaitasunaz baliatuta, berbarako: runbagaz, Kubako sonagaz edo cumbiagaz.
Azkenik, domekan, 31 ahots baxuk osatzen duten Manin de Llastres abesbatza asturiarrak kantatuko du. 1977an sortu zen korala, eta Asturiaseko herri garrantzitsuenetan jardun du harrezkero; nazioartean, Suitzan eta Italian egon dira. Bere errepertorioan genero askotariko piezak batu dituzte, baina habanerak eta kantu asturiarrak dira nagusi.
Egitaraua
Irailak 11, barikua
19:00-22:00 Itsas azoka, Areetako Xake plaza inguruan. Sarrera doan.
19:30 Mendibaiarte abesbatza (Erandio, Euskal Herria), Areetako Xake plazan. Daborduko, gonbidapenak har daitezke txarteldegian, 18:00etatik 20:30era.
Irailak 12, zapatua
19:00-22:00 Itsas azoka, Areetako Xake plaza inguruan. Sarrera doan.
19:30 Els Cremats taldea (Girona, Herrialde Katalanak), Areetako Xake plazan. Daborduko, gonbidapenak har daitezke txarteldegian, 18:00etatik 20:30era.
Irailak 13, domeka
19:00-22:00 Itsas azoka, Areetako Xake plaza inguruan. Sarrera doan.
19:30 Coro Manin de Llastres abesbatza (Asturias), Areetako Xake plazan. Daborduko, gonbidapenak har daitezke txarteldegian, 18:00etatik 20:30era.