Lasterketa goizeko 11:40tik aurrera egingo da, kategoria desberdinak tarteka aterako direla, txikienetatik hasita eta gizonezkoen elite mailakoakaz amaitu arte, 12:50ean. Parte hartzaileek, behe mailatakoak izan ezik, hau da, kadeteetatik federatuetara, lau eta erdi itzuli eman beharko dituzte Telletxe plaza eta kalean kokatutako zirkuituan, hots, guztira 1.609 metro (itzuli bakoitzak 353 metro ditu).
Antolatzaileek sari bereziak ezarri dituzte lasterketaren markak gainditzeagatik. Lasterketa dela eta, Udaltzaingoak zirkulazioa eten egingo du ibilgailuentzat, 11:00etatik 13:15era.
Bestalde, Milian parte hartzeko izen-ematea doakoa da eta pertsona interesatuek izena, abizenak, jaiotze data, bizi-udalerria, eta kluba edo eskolaren izena eman beharko dituzte honako lekuetan: Kantxa Kirol Moda (Torrene kalea) edo Gaztañaga Kirolak (Amezti kalea, 8). Internetez ere eman daiteke izena, itxartu.itxartu@gmail.com posta elektronikora aipatu datuak bidaliz. Epemuga eguena izango da, hilak 17. Antolatzaileek ez dute izen-ematerik onartuko probaren egun berean.