Ikasturte honetako beste nobedade bat euskara eta gaztelaniaren elkarbizitza bultzatzen duen "Bizi" proiektua izango da. Hori 4-5 urte bitarteko ikasleen musika-hizkuntzagaz hasiko da, horretan irakasleek klasea euskara eta gaztelania uztartuz emango dute.
Eraikina
Erakineko beheko solairuan hall bat dago eta handik goiko bi solairuetara eta sotoko bi mailetara joan daiteke. Instalazioan hurrengo gelak daude: instrumentu-irakaskuntzarako 12 gela, talde-irakaskuntzarako 3 gela, perkusio gela bat, entsegu gela bat, ikasteko 4 kabina eta irakaskuntza sustatzeko administrazio gunea (bulegoakaz eta bilera gela bategaz). Lehenengo solairuan, entsegu gela plazari begira dago eta bere fronte gardenak kanpotik entzutea erraztuko du.
Algortako egoitzako gelek eta bulegoek ekipamendu informatikoa dute, bertan ikasiko duten irakasleen eskaerari ahalik eta erantzun onena eman ahal izateko, hau da, 500 ikasleri. Andres Isasi Udal Musika Eskolak guztira bi egoitzetan, une honetan 1.000 ikasle inguru ditu.
Eskaintza handitu ez dela kritikatu dute popularrek
Getxoko PPk ikasleen zenbatekoa handitu ez dela salatu du; "diru asko inbertitu dugu musika eskola honetan, eta horrek ez du eragingo ikasle gehiago hartzea. Berdinak izango ditugu, baina Algortan eta Areetan banatuta", salatu du Iñaki Gamero PPko bozeramaileak. Izan ere, eskolak emateko tokia handitu egin da, baina tokien eskaintza berdina izan da.
Popularrek emandako datuen arabera, Areetan ikasten zuten 1.008 ikasleak honela banatuko dira: 554 Areetan eta 466 Algortan, "12 ikasle berri bakarrik egongo dira ikasturte honetan", azaldu dute. Irakasleen kopurua ere aurreko ikasturtekoen berdina izango da: 33.