"Hitzaren dantza" ekitaldian, beste hainbat lagunen laguntza edukiko dute ALBEkoek: bertsoez, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Anjel Mari Peñagarikano eta Josu Landeta arduratuko dira; eta dantzan egingo dute Agurra (Algorta), Itxas Argia (Getxo), Berantzagi (Areeta) eta Simon Otxandategi (Berango) taldeetako kideek. Musikari dagokionez, trikiti eta panderoen doinuak jarriko dituzte hurrengo bikoteek: Xabi Aburruzagak eta Joseba Urrutiak, Roberto Etxebarriak eta Kepa Arrizabalagak zein Koldo Etxebarriak eta Unai Etxebarriak.
ALBEkoen "aspaldiko ametsa" da jaialdi berri hori, Joseba Santxo bertsolari-eskolako arduradunak adierazi duenez. Berak akordura ekarri legez, "Fredi Paia ikerlariak behin baino gehiagotan aipatu izan du lehenagoko denboretan ez zela hain arrotza dantzariak dantzan ikustea bertsolariek abestutako bertsoen erritmoan". Aurten, ALBEk 35 urte betetzen dituela baliaturik, aurrerapausoa eman dute.