EH Bilduk azaldu duenez, azken lau urteetan jeltzaleek gauzak "ezkutuan" eraman nahi izan dituzte. Hala ere, egindako lanari esker, herritarrak aurrekontuakaz kezkatuta daudela uste du koalizio abertzaleak.
Gogoratu dutenez, azken lau urteotan udalerriak ez du aurrekonturik izan (azken aurrekontuak Iñaki Zarraoak sinatu zituen, orain zortzi urte). Hori dela eta, "negoziazioa eta parte hartzea ez dira inondik inora agertu", salatu dute. Izan ere, herritarrek "Getxoberri"-ko propagandan izan dute aurrekontuen berri. Horren harira, getxoztarrek euren zergak "zelan eta non" inbertitzen duten erabakitzeko eskubidea dutela uste du koalizio abertzaleak, "lehentasunak markatzeko, baita guztion dirua zertan gastatzen den ezagutzeko ere", gaineratu du.
Legealdia aldatzeaz batera, "egoera" aldatu dela gogoratu du Arantza Gutierrez EH Bilduko zinegotziak, "aukera ona dago aurrekontuak prestatzeko; mapa politikoa aldatu da eta ezkerrak leku handia du Getxon", gaineratu du. Hala, koalizio abertzaleak bere prestutasuna agertu dio EAJri aurrekontuak garaiz landu, eztabaidatu eta onartzeko.
Horretarako, aurrekontuak parte hartzaileak izan behar direla iragarri du koalizio abertzaleak; hau da, prozesuan zehar herritarren zein elkarteen parte hartzea bermatu behar da. Horren harira, arazorik ez izateko espero du EH Bilduk, "hala jasotzen baitu EAJk eta PSE-EEk sinatutako gobernu akordioak". Era berean, aurrekontuetan murrizketarik ez egoteko deia luzatu dute. Negoziazioa ere benetakoa izan behar duela eta aurrekontuak Osoko Bilkuran aurkeztu eta bozkatu behar direla uste du koalizio abertzaleak.