Urte eta erdiko iraupena edukiko du kurtsoak, eta 2015eko urritik 2016ko abendura arteko hainbat asteburu hartuko ditu; 200 ordu teoriko eta 120 ordu praktiko egingo dituzte parte-hartzaileek. Baldintza bi bete beharko dituzte ikastaroan izena eman gura dutenek: 18 urte izatea, edo 2015eko abendua baino lehen betetzea. Bestalde, eskolak amaitu eta gero, Getxoko astialdi-talderen batean egin beharko dituzte praktikak.
Salneurriari dagokionez, 315 euro ordaindu beharko dituzte ikasleek; eta epeka egin dezakete. 225 euro irailean ordainduko dituzte, eta 90 euro, ostera, 2016ko irailean. Hala eta guztiz ere, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak ohartarazi duenez, aterpeen zenbatekoa ez dago prezioaren barruan. Matrikulazio-epea irailaren 14tik 30era egongo da zabalik, goizeko 09:30etik 14:00etara. Interesatuek Bizarra Lepoan-eko bulegora jo beharko dute: Algortako Martikoena kalea, 16-2. solairua.