Hurrengo egunean, zapatuan, herri-kirolen ikuskizuna, mus txapelketa, puzgarriak, tailerrak, kuadrillen playbacka eta kontzertuak egongo dira Keep Calm taldeagaz. Domekan, ostera, artisautza-azoka, herri-lasterketa eta disko-festa egongo dira. Halaber, zelan ez, barraskilo-platerik onena aukeratuko dute, txapelketaren XX. edizioan. Paella-txapelketa ere egun berean egingo dute.
Udaltzaingoaren dispositibo berezia
Getxoko Udaltzaingoak dispositibo berezia jarriko du indarrean Areetako Mesedeetako jaietan istilurik gerta ez dadin (eraso sexistak, borrokak, lapurretak..) eta adin gabekoei alkohola ematea ekiditeko.
Zigorrak ipiniko zaizkie droga-mendekotasun prebentzio alorreko legea hausten dutenei. Iaz 1.578 alkohol litro atzeman zituzten.
Udaltzaingoak abiatuko duen operatiboan herritarren segurtasunaz arduratuko den Ertzaintzak eta Udaleko Babes Zibilak ere parte hartuko dute. Besteak beste, polizia-taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira, bereziki Areetako hondartzako gunean.
Bihar arratsaldetik, hilak 25etik, domekara arte, hilak 27ra arte, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko kontrolak jarriko dituzte. Kasu horietan adingabeen gurasoei jakinaraziko diete gertatutakoa. Legez kanpoko salmenta eta adingabekoen alkoholaren kontsumoa kontrolatzeko gaueko txandak indartuko dituzte nabarmen.
Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean. Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragotziko dute, legez kanpoko jarduera izateaz gain, tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeelako.
Tabernak ixteko ordutegia zabalduta
Udalerriko ostalaritzaren alde egiteko eta aldi berean herritarren atsedena zaintzeko bermatzeko oreka zaintzeko asmoz, jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek ordu eta erdi beranduago itxi ahal izango dute irailaren 25ean eta 26an.
Bi egunetan, 1. taldeko saltokiek (dastalekuak, izozki-dendak, txurro-dendak....) 02:30ak arte zabaldu ahal izango dute; 2. taldekoek (tabernak...) 04:30 arte, eta 3. taldekoek (pubak...) 06:00ak arte.
Ohi bezala, terrazek, udaldian gaudenez (irailaren 30era arte), 01:00etara arte zabaldu ahal izango dute.