Salbuespen hori alde batera utzita, hori-beltzek hilaren 22an, martitzenean, izan zuten kurtso berria hasteko eguna. Ohi legez, talde nagusien eta Errugbi Eskolako 200 bat kideren aurkezpena egin zuten Artea merkataritza-gunean. Bertan, Andoni Saitua klubeko presidenteak azpimarratu zuen aurtengoa urte "berezia" izango dela, 40. urtemuga dela eta. Bere ustean, "40 urte egitea ez da erraza: lan pila egin behar da, eta jende askok pasatu behar du taldetik: jokalariak, delegatuak, babesleak...". Saituak esker oneko hitzak izan zituen denentzat, taldeari egindako ekarpenagatik. Urtemugaren ekimen gisa, Errugbi Eskolako kideek erakutsi zituzten jokalariek aurten jantziko dituzten elastikoak eta kirol-arropa, klubaren hasierako urteetan erabilitakoaren oso antzekoa. Interesatuek ohiko lekuetan erosi ahal izango dituzte, jakina.
Kirol helburuak
Kirol lehiari dagokionez, Nerea Agirre emakumezkoen lehenengo taldearen kapitainak argi utzi zuen denboraldi berrirako helburua: "guztiok pentsatu dugu pasa den urteko denboraldia gainditu behar dugula. Niretzat helburua da aurten dena irabaztea; heltzea finalera, eta finala irabaztea". Iaz, Euskal Ligako txapeldunak izan ziren Getxoko errugbilariak, baina Espainiako txapelketan bigarren geratu ziren. Era berean, Agirrek azaldu zuenez, "zoriontsuak gara eskolan neska asko dabiltzalako eta apurka-apurka taldean neska gehiago hartzen goazelako".
Gizonezkoei dagokienez, Semmonsek "behetik hasi" gura du, harrobitik "etorkizunerako pausoak emanez".