Askapenak “herri-epaiketa” egingo du Algortan, espainiar Estatu “inperialista” auzitan jartzeko

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 29a, 15:00
Gabi Basañez eta beste lau laguni 6 urteko espetxe zigorra eskatzen diete Askapenako kide izatea egotzita.

Espainiar Estatua "errudunen eserlekuan" jarriko dute urriaren 3an, zapatuan, Algortan. Izan ere, Askapena erakundea, Herriak Libre eta Askapeña elkarteen eta 5 euskal herritarren kontrako epaiketa abiatuko dute urriaren 19an, tartean Gabi Basañez getxoztarra dagoela. Basañezi eta beste lau lagunei 6 urteko espetxe-zigorra eskatu diete, "internazionalismoaren eta herrien arteko elkartasunaren alde lan egiteagatik", Askapenak azaldu duenez.

Horren aurrean, espainiar Estatua "errudunen eserlekuan" jarriko dute hilaren 3an. "Euskal herritarrok hamarnaka arrazoi dugu Espainia zigortzeko eta nazkatuta gaude euren sasi-justizia inperialistagaz", iragarri dute. NATOn parte hartzea, Hego Amerikan egindako konkistak, Saharar herriaren "bazterketan" izandako parte hartzea, euskaldunon eta euskararen kontra hartutako "milaka neurriak" jarri dituzte horren adibide.

Azaltzen dutenez, Askapenako kideek harrotasun osoz baieztatu dezakete "leporatzen zaizkien karguen errudun direla". Gainera, munduan edozein herrik sufritzen duen edozein "zapalkuntza kapitalista eta inperialista" beraiei egindako eraso legez sentitzen dutela eta horregatik iragarri dute beharrean jarraituko dutela.

Hala, zapatuan, 12:00etan, kalejira abiatuko dute Telletxe plazatik. Jarraian, herri-epaiketa egingo dute Txiki eta Otaegi plazan (San Nikolas plaza), eta amaitzeko, Abian herriko tabernan bazkaria egingo dute. Bazkariko tiketak salgai daude Ajuria, Abian eta Hator tabernetan.

Gabi Basañezen alde egindako irakurketa

Gaur hemen biltzen garenak larunbatean urriaren 3an, eguerdiko 12:00etan Algortako Telletxe plazatik aterako den kalejira internazionalistan parte hartzera deitzen ditugu Uribe Kostako herritarrak. Izan ere, urriaren 19tik aurrera espainiar Estatu inperialistak Askapena erakundea, Herriak libre eta Askapeña elkarteak eta 5 euskal herritar epaituko ditu, tartean Gabi Basañez getxoztarra.

6 urteko kartzela zigorra eskatzen diote Gabiri eta bere kideei internazionalismoaren eta herrien arteko elkartasunaren alde lan egiteagatik. 6 urteko espetxe zigorra, Latinoamerika, Asia zein mundu zabalean, zapalkuntza inperialistak bizi dituztenei begira jarri eta laguntza emateagatik; baita, euskaldunok bizi ditugun zapalkuntza sozial eta kulturalen berri emateagatik hemen eta munduan. Sahara, Palestina, Herri Maputxea, Irlanda, Korsika, Venezuela, Brasilgo nekazariak, zapatistak… hamarnaka herriei berotasuna eman dio Askapenak eta horregatik legez kanpo utzi gura dute.

Askapenako kideek harrotasun osoz baieztatu dezakete, leporatzen zaizkien karguen errudun direla; munduan edozein herrik sufritzen duen edozein zapalkuntza kapitalista eta inperialista beraiei egindako eraso legez sentitzen dutela eta horregatik jarraituko dutela beharrean. Horregatik, urriaren 3an Algortan, espainiar Estatu inperialista izango da errudunen eserlekuan jarriko duguna. Euskal herritarrok hamarnaka arrazoi baitugu Espainia zigortzeko eta nazkatuta gaudelako euren sasi-justizia inperialistagaz. NATOn parte hartzea, Hego-Amerikan egindako ehunaka konkista zapaltzaileak, Saharar herriaren bazterketan izandako parte hartzea, euskaldunon eta gure hizkuntzaren kontra hartutako milaka neurriak… seguru gaude herritar askok bat egiten dutela kexu hauekaz eta horregatik zapatu goizez Algortara hurbiltzera animatzen ditugu. Baita Gabi Basañez internazionalista, bertsolari, musikari, guraso, baserritar eta, finean, herrikideari elkartasuna adierazteko ere.

12:00etan Telletxen kalejira antiinperialistarekin hasiko gara. Jarraian herri-epaiketa egingo dugu Txiki Otaegin eta, amaitzeko, Abian herriko tabernan bazkalduko dugu elkarrekin. Bazkariko tiketak salgai daude Ajuria, Abian eta Hator tabernetan.

Internazionalismoa ez da delitua!!! Askapena LIBRE!!! Gabi Basañez LIBRE!!!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun