Alangoko 145 BOEn onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 30a, 12:30

Alangoko blokea, alde batetik ikusita.

Algortako Alango auzoko promozioan alokairuzko babes ofizialeko 145 etxebizitzak adjudikatzeko, onartu eta baztertutako pertsonen zerrendak argitaratu ditu gaur, eguaztena, Getxoko Udalak. Etxebizitza horiek denek, euren garaje eta trastelekuakaz, 15 urterako alokatu ahal izango dira; baina epealdi hori igarota eta 75 urte bete arte, gainontzeko azalera-eskubidea erosteko aukera edukiko dute esleipena eskuratu duten pertsonek, babes ofizialeko etxebizitza bezala.

Alangoko errentako etxe horien lehen promozioan, 2 logelako 86 etxebizitza egongo dira (90 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak), logela bakarreko 34 (60 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak) eta 3 gelako 19 etxebizitza (90 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak). Beste 6 etxebizitza mugitzeko zailtasuna duten pertsonentzat izango dira (60 eta 90 metro koadro arteko gehienezko azalera erabilgarriak).

Egokitu gabeko etxebizitzen %60 35 urtetik beherako gazteentzat gordeko dira, %8 guraso bakarreko familientzat eta gainontzekoak kupo orokorrekoentzat.

Onartu eta baztertuen zerrendak hilabete batez egongo dira ikusgai, urriaren 30era arte, honako toki hauetan: udaletxeko iragarkien oholean (Foru kalea 1), udaletxeko, Andra Mariko (Benturillena kalea 17) eta Areetako (Mesedeetako kalea 13) hiritarren arretarako bulegoetan (HAB), udalaren web orrian eta Eusko Jaurlaritzan: Zuzenean Herritarren Arretarako Zerbitzuaren iragarki taulan (Kale Nagusia 85, Bilbo) eta EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.

Errekurtsoak aurkezteko epea ere hilabete batekoa izango da, hau da, urriaren 30ean amaituko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun