Eguenean jazo zen erasoa, goizaldeko 03:15ak aldera, Areetan. Hainbat lekukok emakume bat eta beste hiru gizon labanaz mehatxatzen zebilen gizon baten berri eman zioten Ertzaintzari.
Hainbat agente tokira bertaratu ostean, ustezko erasotzailea atzeman zuten. Poliziaren presentziaz jabetuta, susmagarriak lurrera bota zuen gainean zeraman arma. Hala, agenteek hura identifikatu eta atxilo eraman zuten. Ustez erasotutako emakumeak salatu zuenez, gizona hari poltsa lapurtzen saiatu da, tamaina handiko laban bategaz mehatxu egin ostean. Emakumeagaz zihoazen hiru lagunak haren alde atera ziren, baina ustezko lapurrak aurre egin eta haiei ere armagaz mehatxatu egin zien.
Poliziek ertzain-etxera eraman dute atxiloa, 45 urtekoa, beharrezko izapideak egiteko. Datozen orduetan, epailearen esku jarriko dute.