Iazko udan hondartzetako txosnen kasua ekarri dute gogora EH Bildukoek; "denboraldia oso aurreratuta zegoela ireki ziren". Kasu horretan, arrazoia ustiapen orriak berandu aurkeztea izan zela jakinarazi dute. "Oso larria iruditzen zaigu beren burua kudeaketa onaren eredutzat agertzen direnen utzikeria. Jakin bazekiten, epea amaitzear zela", salatu dute.
Gauzak horrela, Kafe Usategiko ustiapena amaitzear zela jakinda, Udalak ustiapen berrirako kontratazio eta baldintza-agiriak daborduko landuak izan beharko zituela jakinarazi du EH Bilduk, "baina ez da halakorik gertatu".
Koalizio abertzaleko zinegotziak arduradunagaz harremanetan jarri ziren, eta azaldu dutenez, gertakari hori iraileko Hirigintza Batzordean ere azaltzea ahaztu omen zitzaien. Hala ere, euren ustetan, prozesuak aldez aurretik irekita egon beharko zukeen, "kafetegian lan egiten duten pertsonek ahalik eta kalte gutxien izan zezaten".
Horrenbestez, kafetegian egin beharreko lanen inguruan Gobernu-taldeak eta udal teknikoek emango duten informazioaren zain geratuko direla jakinarazi dute; horren dokumentazio guztia hurrengo Hirigintza Batzordean jasotzea espero dute.
Era berean, "eremu publikoen beste ustiapen-kontratuetan egin dugun bezala", baldintza-agirietan getxoztar denon hizkuntz eskubideak errespeta daitezen eta klausula sozialak ere sar daitezen eskatuko dutela agindu dute.