Estreinaldia Miribillan jokatu zuten, irailaren 19an. Orduan, 33-74 sendo batez garaitu zitzaizkien Bakuva talde bilbotarraren jokalariei. Bigarren norgehiagokan, antzeko abantaila atera zuten getxoztarrek, 65-26 irabazi baitzieten La Sallekoei.
Pasa den urriaren 3an ere, Getxo Saskibaloi Taldeko gazteek markagailua euren alde ipini zuten, are eta distantzia handiagogaz. Halere, 38-90 zenbakien atzean ez zen talde-lana ikusi, aurreko partiden joera apurtuz. Portugaleten, gutxi izan ziren elkarregaz landutako jokaldiak, eta defentsak hainbat gabezia erakutsi zuen, Oribeltzaren eraso apalen neurrikoa, antza. Datorren aste-akabuan, getxoztarrek lehia bikoitza izango dute; partida biak, etxean jokatuko dituzte. Lehenengo erronka Munabe taldea izango da, zapatuan. Ikastetxe pribatukoek partida bat gutxiago jokatu dute orain arte, garaipen eta porrot banagaz. Urriaren 12an, ostera, Colegio Vizcaya izango dute aurrean. Hiru partidatik bakarra irabazi du talde horrek.